Alai auzategiko 12-14 zenbakien inguruko obrak astelehenean hasiko dira
Asfaltatze kanpainaren barruko lanak dira Alaikoak. Batik bat, inguru horretan hondoratuta dauden eremuak konponduko dituzte. Aldez aurretik eskerrak emateaz gain, obren ondorioz sor daitezkeen eragozpenen aurrean herritarren lankidetza eskatu du Udalak.
Datorren astelehenean, irailaren 21ean, Alai kaleko 12-14 zenbakien inguruan obrak hasiko dira, Udalak martxan duen asfaltatze-kanpainaren barruan. Lanen helburua inguru horretan hondoratuta dauden eremuak konpontzea da.
Obrek hiru aste inguruko iraupena izango dute, eta lanak 08:00etatik 18:00etara egingo dira, espaloian zein errepidean. Lanen eraginez, Alai kaleko 12-14 zenbakien pareko errepidea erabat itxita egongo da. Era berean, Aitzuri kalean errepidea itxita egongo da, baina ez da eragozpenik izango garajeetara sartu edo irteteko. Obren eraginpeko atarietara, hotelera eta establezimenduetara sartzeko ere pasabideak egokituko dira, sarbideak bermatzeko.
Bestalde, lanak behar bezala egin ahal izateko, inguru horretako zenbait aparkaleku libre utzi beharko dira lanak hasterako. Udalak herritarren lankidetza eta pazientzia eskatu du lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie herritarrei.
Zebrabideak ere bai
Alai auzategiko 2 eta 8 zenbakien pareko zebrabideak irisgarritasun araudira egokitzeko lanak ere izango dira datorren astean hasita. Marianton parkera sarbidea emango dute bi zebrabide horiek, eta obra amaitutakoan inguruan haur gehiago izango direla aurreikusi ondoren, horien segurtasuna bermatzeko zenbait lan egingo dira. Zebrabide batean, espaloia luzatuko dute oinezkoak segurtasunez errepidera iristeko; bestean, zebrabide altua exekutatuko dute, irisgarriagoa delako eta ibilgailuen abiadura murriztea ahalbidetuko duelako.



