Zumaiako hainbat kale asfaltatuko ditu Udalak datozen asteetan
Jarduketen ondorioz, zenbait puntutan trafikoan, autobus zerbitzuan eta aparkalekuetan aldaketak izango dira. Udalak herritarren lankidetza eskatu du lanek iraun bitartean.
Zumaiako Udalak herriko hainbat gunetako errepide eta kaleak asfaltatzeko kanpainari ekingo dio datozen egunetan. Excavaciones y Transportes Orsa, S.L. enpresak egingo ditu lanak, 259.794,84 euroko aurrekontuarekin, eta guztira bi hilabete inguruko iraupena izango dutela aurreikusten da. Epe horretan, enpresa herriko hainbat gunetan arituko da lanean, bide publikoen egoera hobetzeko helburuarekin.
- Lehen jarduketak Patxita Etxezarretako autobus geltokian eta Aita Mari auzunean egingo dira, aldi berean, datorren aste hasieran. Patxita Etxezarretako geltokian, lehenik, obra zibila egingo da. Guztira, 10-14 egunez itxita egotea aurreikusten da. Lanak egiten diren bitartean, errei bat itxiko da segurtasunagatik, eta trafikoa semaforo bidez arautuko da.
- Aldi berean, Aita Mari auzuneko zenbait kale asfaltatuko dituzte. Bi edo hiru egun inguruko iraupena izango dute, eta ondoren margoketa lanak egingo dira. Lanen aurretik, Udalak inguruko bizilagunei jakinaraziko die ibilgailuak kaletik kentzeko, lanek eragozpenik sor ez dezaten eta beharrezkoa denean ibilgailuekin sartu eta atera ahal izateko.
- GKNko zubian jarraituko dute lanek. Hiru egun inguru arituko dira han lanean, eta ondoren, margoketa lanak egingo dira. Lanek irauten duten bitartean, zubia itxita egongo da.
- San Telmo kalea asfaltatuko dute gero. Lanek egun bateko iraupena izango dutela aurreikusten da eta, ondoren, margoketa lanak egingo dira.
- Azkenik, Alai auzategia 12-14 kalean obra zibila eta asfaltatze lanak egingo dira, hondoratuta dauden espaloi eta errepideak hobetzeko. Bitarte horretan, guztiz itxiko dute errepidea.
Lan horiekin abiatuko da asfaltatze kanpaina, eta lanek aurrera egin ahala, Udalak hurrengo jarduketak zein gunetan egingo diren jakinaraziko du. Lan-egutegia eguraldiaren eta sor daitezkeen bestelako gorabeheren arabera aldatu daiteke, eta aldaketarik izanez gero, Udalak horren berri emango du dagokion unean.
Udalak herritarren lankidetza eta pazientzia eskatu du lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie herritarrei.
Albiste erlazionatuak
hirigintza
- Urola plazako berrurbanizazio lanak amaitu dituzte, eta autobus geltokia eta komuna zabalik daude 2026/09/30
- Alai auzategiko 12-14 zenbakien inguruko obrak astelehenean hasiko dira 2026/09/18
- Erribera 1eko urbanizazio obrak irailaren 15ean hasiko dira 2026/09/11
- Patxita Etxezarretako autobus geltokia ezeztatuko dute asfaltatze lanak egin bitartean 2026/09/11



