Astelehenean zabalduko dituzte garbiguneak herritarrentzat

2020/05/08

Aurrez hitzordua hartuta (679 72 33 99), herritar guztientzat zabalduko dira garbiguneak. Etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua ere martxan jarriko da datorren astean.

Covid-19 gaitzaren ondorioz sortutako krisi-egoerari erantzuteko, azken asteetan Udal Elkarteak hainbat moldaketa egin ditu Hondakin Bilketa Zerbitzuan. Zerbitzua egokitu da, beti ere, segurtasun neurriak bermatu eta herritar guztien osasuna babesteko. Orain, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu guztiak bere onera itzultzeko lanei helduko die Udal Elkarteak.

Konfinamendu-neurriak arintzeko fase bakoitzean hainbat neurri eta egokitzapen egingo dira. Hala, hondakin handien bilketa eta garbigune-zerbitzuei dagozkien aldaketak, behin-behinekoak dira: hau da, indarrean izango dira konfinamendua leuntzeko lehen fasean; printzipioz, maiatzaren 11tik 24ra bitartean.

Garbiguneak

Orain arte, eskualdeko garbigune-zerbitzuak irekiera mugatua izan dute; hau da, langile profesional eta udal zerbitzuentzat soilik ireki dira. Datorren astelehenetik aurrera (maiatzak 11), ordea, herritar guztientzat zabalduko dira eskualdeko 3 garbiguneak.

Edozein kasutan, segurtasun neurriak bermatzen jarraitzeko, nahitaezkoa izango da partikularrek aldez aurretik hitzordua hartzea. Horretarako, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30era bitartean, ondorengo telefono zenbakira deitu behar da: 679 72 33 99.

Datorren astelehenetik aurrera, beraz, herritar guztientzat zabalduko dira, aurrez hitzordua hartuta, eskualde mailako garbigune-zerbitzuak.

Hondakin handiak

Azken asteetan zerbitzua etenda egon ondoren, etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua ere datorren astetik aurrera jarriko da martxan. 

Ohi bezala, erabiltzaileek etxeko hondakin handiak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, aparailu elektronikoak….) edukiontzien eremuetan utzi beharko dituzte; herri bakoitzari dagokion bilketa egunaren bezperan, 20:00etatik 22:00etara.

Hona hemen hondakin handiak uzteko egunak, herriz herri:

  • Aia: igandetan
  • Getaria: astelehenetan
  • Orio: asteartetan
  • Zarautz: asteazkenetan
  • Zumaia: ostegunetan