Atera ezazu gidabaimena euskaraz!
Zumaiako Udalak eta Larraina euskara elkarteak bat egin dute gidabaimenak euskaraz ateratzeko kanpainarekin eta gazte zumaiarrak horretara gonbidatu nahi dituzte. Bi ziklomotor elektriko zozkatuko dira azterketa euskaraz prestatzen dutenen artean.
Urte asko dira gidabaimena eskuratzeko material teorikoa euskaratzen hasi zirela, eta azken hilabeteotan bultzada handi bat eman zaio, edukiak eguneratuta eta zuzenduta. Gidabaimenakeuskaraz.eus helbidean jasota daude argibideak eta han agertzen da non eskaintzen duten azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko aukera; tartean dira herriko bi autoeskolak: ZUMAIA eta SOLOZABAL.

Aintzat hartuta gazteek ikasketa ia guztiak euskaraz egin dituztela, aukera bikaina da gidabaimena lortzeko prestaketa teoriko hori euskaraz egitea, dela ziklomotorrekoa (AM), motozikletakoa (A1 eta A2) edota autokoa (B).
Gidabaimenak Euskaraz egitasmoak, gainera, ekimen berezi bat jarri du martxan: bi ziklomotor elektriko zozkatuko ditu azterketa euskaraz prestatzen eta egiten dutenen artean. Baldintza da 15 urtetik gora izatea, prestakuntza teorikoa euskaraz egitea eta abenduaren 3a baino lehen ematea izena formulario honen bidez.
Beraz, hauxe da Udalaren eta Larrainaren gonbidapena: gazte, gidabaimena eskuratzeko asmotan bazabiltza, zoaz autoeskolara eta esan euskaraz egin nahi duzula!




