Erkiberen herri prozesuko lehen fasearen ondorioak herritarrekin partekatu dituzte
Lehen fasearen barruan, galdetegia zabaldu eta eztabaida taldeak jarri ziren martxan udaberrian. Jasotako ekarpenak jendaurrean aurkeztu zituzten atzo, eta herri prozesuaren hurrengo pausoak azaldu. Urriaren 28an bi saio izango dira: 15:00etan merkatariena, eta 18:30ean herritarrena.
Erkibeko parte hartze prozesuaren lehen fasea amaitutzat emanda, orain arte jasotako ondorioak herritarrei aurkezteko saioa izan zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. Biziola eta Farapi kooperatibak ari dira prozesua bideratzen, eta herritarrek, merkatari eta ostalariek, ekoizleek nahiz udal ordezkariek egindako ekarpenak aurkeztu zituzten han.
Saioari ekin aurretik, gogorarazi zuten elikadura burujabetza sustatzeko aurreproiektua 2023an garatu zuela Udalak LZB arkitektura kooperatibaren laguntzarekin, eta herriko eragile batzuek ere elikadura proiektu bat aurkeztu zutela, elikadura burujabetza ardatz izango zuen proiektu bat bultzatzeko beren burua aurkeztuz. Udalak lanketa horri tiraka abiatu zuen herri prozesua udaberrian, herrian proiektua garatzeko baldintzak badauden egiaztatzeko. Lehen fasearen barruan, galdetegia zabaldu eta eztabaida taldeak jarri ziren martxan.
Prozesuan 103 herritarrek parte hartu dute galdetegiaren bidez, eta lau eztabaida talde egin dira herritarrekin, tokiko ekoizleekin, merkatariekin eta udal ordezkariekin. Ekarpenek agerian utzi dute Erkibe aukera estrategikoa dela Zumaia garatzeko, bereziki tokiko elikadura sistema eta lehen sektorea indartzeko, herrigunea biziberritzeko eta komunitatea sendotzeko. Era berean, erabilera anitzeko espazio baten beharra, herritarren parte-hartze jarraitua eta eragileen arteko lankidetza, gardentasuna eta gobernantza parte-hartzailea nabarmendu dira. Entzute faseak ez du proiektu itxi bat definitu, baina hurrengo urratsak lantzeko oinarriak ezarri ditu, Erkiberen inguruan herri-proiektu bideragarri eta partekatua eraikitzeko.
> Lehen fasearen ondorioen txostena
Entzutetik eta eztabaidatzetik eraikuntza kolektibora igaroko dira datozen asteetan. Izan ere, misioez, bisioaz nahiz gobernantza ereduaz arituko dira, proiektua garatu ahal izateko oinarriak ezartzeko. Urriaren 28an izango dira hurrengo bi saioak, Moilaberriko hirugarren solairuan:
- Urriak 28, 15:00. Merkatarien saioa.
- Urriak 28, 18:30. Herritarren saioa.
Izen ematea, Turismo Bulegoan
Urriaren 28ko saioetan parte hartu nahi duten merkatari eta herritarrek izena eman beharko dute aurrez, saioaren antolaketa errazteko. Moilaberrin kokatutako Turismo Bulegora jo dezakete horretarako:
Turismo Bulegoa
Mendaro Marinela kalea, 10
943 14 33 96 / turismoa@zumaia.eus



