Erkiberen herri prozesuko bi saio izango dira urriaren 28an, merkatariekin eta herritarrekin proiektua zehazten jarraitzeko
Bi saioetan, proiektuaren etorkizuneko ildoak eta funtzionamendua definitzeko funtsezko alderdiak landuko dituzte. Topaketak Moilaberriko hirugarren solairuan izango dira: merkatariena, 15:00etan; eta herritarrena, 18:30ean.
Erkibeko herri prozesuaren barruan, bi saio izango dira datorren asteazkenean, urriak 28, merkatariei eta herritarrei zuzenduta. Saioen helburua da proiektuaren inguruko hausnarketan aurrera egitea eta oinarriak elkarrekin zehaztea.
Saio hauen bidez, Erkiberen etorkizuneko oinarriak lantzen jarraituko dute parte-hartzaileek. Besteak beste, elikadura-burujabetzaren esanahia, proiektuaren misioa eta ikuspegia, lortu nahi diren helburuak, gidari izango diren balioak eta printzipioak, gobernantza-eredua eta erabakiak hartzeko moduak izango dituzte hizpide. Herritarren parte-hartzea eta proiektuak erantzun beharreko behar eta erronkak ere landuko dituzte.
Udalak merkatariei eta herritarrei dei egiten die saioetan parte hartzera, Erkiberen inguruko ideiak eta proposamenak partekatzeko eta proiektuaren norabidea elkarrekin zehazten jarraitzeko.
Izen ematea, Turismo Bulegoan
- Urriak 28, 15:00. Merkatarien saioa.
- Urriak 28, 18:30. Herritarren saioa.
Saioetan parte hartu nahi duten merkatari eta herritarrek izena eman beharko dute aurrez, saioaren antolaketa errazteko. Moilaberrin kokatutako Turismo Bulegora jo dezakete horretarako:
Turismo Bulegoa
Mendaro Marinela kalea, 10
943 14 33 96 / turismoa@zumaia.eus



