Erkibeko herri prozesuko lehen fasearen ondorioak aurkeztuko dituzte datorren astean
Elikadura burujabetza ardatz duen proiektuaren lehen fasean jasotako ekarpenen inguruan ariko dira. Urriaren 14an izango da saio irekia, Alondegiko Oxford aretoan, eta zumaiar guztiak gonbidatu ditu Udalak proiektua elkarrekin definitzen jarraitzera.
Erkibeko herri prozesuaren barruan, herritarren saio irekia izango da urriaren 14ean, 18:30ean Oxford aretoan. Herritarrei proiektuaren orain arteko ibilbidea eta lehen fasean jasotako ekarpenak ezagutarazteaz gain, herri prozesuko hurrengo pausoak zein izango diren azalduko dute han.
Erkiberen prozesuaren helburua da Erkibe eraikinean proiektu bat garatzea, tokiko ekoizpena, elikadura-burujabetza eta herriko ekonomia sustatuz. Aldi berean, eraikina herritarren topagune eta komunitatearentzako erabilera anitzeko espazio bihurtzea planteatzen da, jarduerak, ekimenak eta herritarren arteko harremanak sustatzeko.
Proiektuaren garapena, hasieratik, herritarren eta tokiko eragileen parte-hartzearekin egiten ari da. Lehen fasean entzute eta diagnostiko lana egin da, eta hainbat parte-hartze tresna erabiliz herritarren, merkatarien, ekoizleen eta beste eragile batzuen iritziak eta proposamenak jaso dira.
Ekarpenak, proiektuaren oinarrien abiapuntu
Ekarpen horiek izango dira gero proiektuaren abiapuntua. Behin lehenengo faseko ondorioak aurkeztuta, proiektuaren ezaugarriak zehazten jarraituko da: espazioak izan ditzakeen erabilerak, eskaini beharreko zerbitzuak eta jarduerak, tokiko produktuen presentzia, herritarren parte-hartzea eta proiektuaren antolaketa eta funtzionamendua, besteak beste.
Horretarako, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da. Izan ere, proiektuaren garapenean herritarren, tokiko eragileen eta administrazioaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, Erkibe Zumaiaren beharrei erantzungo dien espazio bihurtzeko. Horregatik, Udalak urriaren 14ko saio irekian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.



