Zerbitzuen eskaintza eta martxan jartzeko lehen urratsak zehaztuko dituzte Erkiberen herri prozesuko osteguneko saioan

2026/11/17

Bertako elikagaien merkaturatzeaz, otorduak eskaintzeaz, elikaduraren inguruan hezteaz eta ekoizleen garapenean laguntzeaz ariko dira, besteak beste. Herritarrak, ekoizleak nahiz tokiko eragileak saioan parte hartzera deitu ditu Udalak, orain arteko saioetan parte hartu ala ez.

Zumaiako Udalak elikadura burujabetzaren inguruan abian duen herri prozesuaren barruan saio irekia egingo du ostegun honetan, azaroaren 19an, 18:30ean Komentuko Frantziska Labaien gelan.

Aurreko saioan, proiektuaren xedea, helburuak eta balioak landu zituzten parte-hartzaileek. Lanketa horren emaitzak oinarri hartuta, proiektuaren norabidea zehaztu dute: tokiko ekoizpena eta lehen sektorea indartzea, elikadura kultura eta ezagutza sustatzea, bertako elikagaiak eskuratzeko aukerak hobetzea eta elikaduraren inguruko harremanak eta komunitate bizitza sendotzea.

Hurrengo saioan, berriz, herri proiektuak eskain ditzakeen zerbitzuak aztertzen eta horiek martxan jartzeko lehen urratsak identifikatzen hasiko dira. Lau lan eremu izango dituzte hizpide:

  • Bertako elikagaiak merkaturatzea eta eskuratzea: tokiko produktuen salmenta egonkorra, ekoizleen zuzeneko salmenta edo eskaera eta bilketa sistemak, besteak beste.

  • Elikagaiak prestatzea eta otorduak eskaintzea: eramateko janaria, bertan kontsumitzeko aukera, jantoki zerbitzua edo otordu kolektiboak.

  • Elikaduraren inguruan heztea, ezagutza partekatzea eta elkartzea: sukaldaritza eta elikadura tailerrak, dastaketak, solasaldiak eta baserri bisitak.

  • Ekoizleen eta tokiko ekimenen garapena laguntzea: tokiko ekoizleen jarduera eta elikaduraren inguruko ekimenak sustatzeko aukerak.

Lau eremu horien inguruko proposamenak kontrastatzeaz gain, talde txikietan lan egingo dute zerbitzu bakoitza martxan jartzeko beharrezko urratsak, aukerak eta zailtasunak identifikatzeko. Era berean, Erkibe eraikina prest egon aurretik aurrera eraman daitezkeen ekimenak eta lau lan eremuen arteko elkarlanerako aukerak aztertuko dituzte.

Herri prozesuak izaera publiko komunitarioa izango du: herritik eta herritarrentzat eraikitako ekimena izatea du xede, tokiko elikadura-sistemari eta herriaren bizitza sozial eta ekonomikoari ekarpena egiteko. Horrenbestez, Udalak herritarrak, ekoizleak eta proiektuan interesa duten tokiko eragileak parte hartzera gonbidatu ditu. Aurretik prozesuan parte hartu ez dutenek ere aukera izango dute saiora bertaratu eta beren ekarpenak egiteko.