Gaur arratsaldean egingo dute abenduko ohiko osoko bilkura

2025/12/18

Zumaiako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari behin betiko onarpena emango diote gaurko bilkuran. 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.

Gai nagusi bat aztertuko dute abenduko ohiko osoko bilkuran: Zumaiako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren behin betiko onarpena. Partehartze prozesu batek eta zenbait fasetako lan-prozesuak osatu du dokumentu hau. Ardatz nagusi baten gainean eraiki dute: oinezkoa erdigunean jartzea. Gure herriak eta orokorrean gaur egungo gizarteak eskatzen duen norabidea: espazio publiko seguruagoa, atseginagoa eta inklusiboagoa eraikitzea, adin eta gaitasun guztietako pertsonentzat. Planaren nondik norako guztiak mugikortasuna.zumaia.eus webgunean ikus daitezke.

Bestelako gaiak ere aztertuko dituzte: 2025. urterako Zumaiako Udaleko langileen eta ordezkari politikoen ordainsarien %2,5eko igoera onartzea; 2024-2027rako dirulaguntzen plan estrategikoaren 1. eranskina 2026ko aurrekontura egokitzea; eta udalbatzako organoen kontrolari eta fiskalizazioari lotutako hainbat ebazpen.

> Osoko bilkura 2025/12/18