Gaur arratsaldean egingo dute urtarrileko ohiko osoko bilkura
Ohi bezala, 18:00etan hasiko da bilkura, udaletxeko pleno aretoan. Udal kudeaketarekin lotutako ohiko gaiez gain, herriko hezkuntza publikoaren egoeraren inguruko mozio bat ere aztertuko dute.
Osoko bilkuran, aurreko saioetako aktak onartzeaz gain, udal kudeaketarekin lotutako hainbat ebazpen eta kreditu aldaketa aztertuko dituzte. Horiekin batera, mozio bat ere landuko dute urtarrileko ohiko osoko bilkuran. Zehazki, Zumaiko 0-18 urte bitarteko hezkuntza publikoaren egoera jarriko dute mahai gainean.
Azken urteotan, Zumaiako Udala eta hezkuntza komunitatea elkarlanean aritu dira, eta 0-18 urte bitarteko hezkuntza publikoa eremu berean antolatzeko proposamen integrala lantzen. Proposamen horrek, besteak beste, haurreskolaren egoerari irtenbidea ematea, espazioen berrantolaketa eta jangela-sukalde ereduaren hobekuntza jasotzen ditu. Bide horretan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan egon badira ere, planteamenduari ezezkoa eman dio orain.
Horiek horrela, mozioaren bidez, orain arte egindako bidea jaso eta aitortzearekin batera, azalpenak eman eta lehenbailehen konponbide egonkor bat aurkezteko eskatu nahi diote Hezkuntza Sailari.



