Urriko ohiko osoko bilkura egingo dute gaur arratsaldean
Bilkura 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.
Urriko osoko bilkuran hainbat gai izango dira aztergai, besteak beste:
- Mariantongo parkeari lotutako kreditu-aldaketa onartzea: Proiektuaren aurrekontua hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa da —1.060.000 eurokoa—, eta lizitazioa urtea amaitu aurretik egin ahal izateko, diru-partida egokitzea ezinbestekoa da. Kasu honetan konpromisozko kreditua da, hau da, 2026ko aurrekontuan partida hori sartzeko konpromisoa hartuko du Udalak, proiektua epe egokian gauzatu ahal izateko.
- Giza baliabideak kudeatzeko eta belaunaldi-erreleborako plana onartzea: Giza baliabideak kudeatzeko eta belaunaldi-aldaketa planifikatzeko plana Udalaren barne-antolaketa modernizatzeko tresna da. Helburua da belaunaldi-erreleboa modu antolatuan egitea, udal-langileen ezagutza eta esperientzia transmitituz, eta zerbitzu publikoen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea. Plan hau langileen ordezkariekin negoziatua izan da eta oinarri juridiko sendoetan (Enplegatu Publikoaren Estatutuan eta Euskal Enplegu Publikoaren Legean) du sostengua.
- Eduki transfoboa duen gertakari baten aurrean esku hartzeko mozioa: Testuak udalaren konpromisoa azpimarratzen du sexu eta genero aniztasunaren errespetuaren, giza eskubideen eta haur zein nerabe transen babesaren alde. Mozioa, besteak beste, Naizen elkarteak defendatzen duen ikuspegiarekin bat dator, eta erakunde publikoei eskatzen die ez ematea babes instituzionalik gorroto-diskurtsoak zabaltzen dituzten jarduerei edo taldeei.
Premiazko beste bi gai ere aztertuko dituzte: Torreaga eremuko Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketaren oinarrietan akats tekniko bat zuzentzea, eta A-155 panteoiaren titulartasun-aldaketaren inguruko espedientearen izapidetzea amaitzea.



