Hamaika indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2022an
Hamaika kasu horietatik batean emakume talde bat izan da erasoa jasan duena. Gizarte Zerbitzuek bederetzi kasu artatu dituzte; horiez gain, aurreko urteetako zortzi kasuren jarraipena egin da. Indarkia jasan duten emakumeek 9 eta 74 urte bitartean dituzte.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Berdintasun Sailak honako datuak bildu eta ondorio hauek atera dituzte:
-
Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek 11 genero indarkeria kasuren berri izan dute 2022an. Kontutan izan behar da, horietako kasu batean emakume talde bat izan dela erasoa jasan duena.
-
Horietatik bederatzi artatu dituzte gizarte langileek, eta lehenago gertatutako beste zortzi kasuren jarraipena ere egin dute.
-
Bi kasutan seme-alabak ere tartean egon dira. Horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira.
-
9 eta 74 urte bitartekoak dira erasoak jasan dituzten emakumeak. Indakeria matxistak ez du adin konkreturik, eta edozein emakumeri egin diezaiekete eraso. Askotan adineko emakumeek zein haurrek jasaten dituzten indarkeria matxista kasuak ezkutuan geratzen dira, eta beharrezkoa da errealitate hori ere mahai gainean jartzea.
-
Horri lotuta, kasu bat nabarmendu nahi ditu Udalak: 11 kasu horietatik batean haur bat izan da erasoa jasan duena eta familiarteko gizon bat izan da erasoa egin duena. Haurrak indarkeria psikologikoa jasan du. Azpimarratu behar da haurtzaroan edo nerabezaroan pairatutako indarkeriaren detekzioa funtsezkoa dela, eta lehen arreta ondo garatzea, ezinbestekoa. Gainera, kontuan izan behar dugu gehiengo handi batean ez dela salatzen ezta notifikatzen ere, notifikazio tasa oso txikia baita.
-
Erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremanari dagokionez, sei kasutan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan da erasotzailea; bi kasutan familiarteko bat; kasu batean ezaguna; eta bi kasutan ezezaguna. Ikus daitekeenez, gehienetan emakumeek gertuko gizonengandik jasaten dituzte erasoak.
-
Indarkeria mota: bik indarkeria fisiko eta psikologikoa jasan dute, bost emakumek indarkeri psikologikoa eta bik sexu indarkeria. Horri lotuta, azpimarratzekoa da sexu indarkeria jasan duten emakumeak gazteak direla, 16 eta 19 urtekoak, hain zuzen ere. Bestalde, nabarmentzekoa da aurtengo datuen baitan bestelako erasoak ere badaudela: ziztada kasu bat egon da, eta emakume talde bati egindako intimititatearen aurkako erasoa. Horrekin lotuta, Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du indarkeria matxistak askotariko formak izan ditzakeela.
-
Kasu guzti horietatik lau kasutan bakarrik jarri da salaketa formala. Horrek erakusten digu egun oraindik eremu judizial eta polizialean hutsuneak daudela eta asko dagoela egiteko.
-
Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du gizarte zerbitzuen arreta jasotzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea.
Datuok Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotakoak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, zortzi izan dira kasuak, baina ez dute kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik. Instituzioen arteko elkarlanean ere hutsuneak daudela adierazten digu horrek, eta bide horretan aurrera egiteko konrpomisoa agertu nahi du Udalak.
Indarkeria matxistaren egiturazko izaera
Hamaika kasuren berri izan dute Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, baina kasu bakarra asko litzateke. Are gehiago, indakeria matxista kasu gehienak ez dira instituzioetara iristen.
Zumaiako Udalak indarkeria matxistaren egiturazko izaera azpimarratu nahi du. Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira. Indarkeria matxista izeberg baten antzekoa da: erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeok bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute.
Azkenik, indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura dela nabarmendu nahi du Zumaiako Udalak. Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da. Horrez gain, ezinbestekoa da bizitzako arlo guztietan gai honen inguruko prebentzioa eta lanketa egitea, errotiko aldaketa bat emateko behar-beharrezkoa biata lanketa etengabea egitea.
Guzti horregatik, Zumaiako Udalak azaroaren 25aren harira izango diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, baita mugimendu feministak egun horretan bertan egingo duen elkarretaratzera ere.
Albiste erlazionatuak
Indarkeria matxista
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/12/02
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du santelmoetan gertatutako eraso matxisten aurka, eta bat egiten du gaur arratsaldean egingo den elkarretaratzearekin 2023/04/25
Berdintasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Gizarte Zerbitzuak
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13