25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an
Zumaiako Udalaren zerbitzu desberdinak aintzat hartuta, guztira, 25 kasu berri artatu dira, eta aurreko urteetatik datozen 9 kasuri jarraipena eman diete. Hau da, guztira, 34 emakumeri eman diete arreta, Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeon* Etxea aintzat hartuta.
2024an ere emakumeen aurkako indarkeria kasuak izan ditugu Zumaian. Urtero bezala, Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Emakumeon* Etxeak eta Berdintasun Sailak herrian gertatutako indarkeria matxista kasuak zenbatu dituzte. 2024an, orain arte, 25 kasu berri artatu dituzte Udaleko zerbitzuek, eta aurreko urteetatik zetozten beste 9 kasuri jarraipena eman diete. Horiek horrela, genero indarkeriarekin lotutako 34 emakume artatu dituzte zerbitzuok.
Gizarte Zerbitzuek 16 kasu berri eta iaztik datozen 2 artatu dituzte. Emakumeon* Etxean, berriz, 9 emakume izan dira indarkeria matxista dela-eta aurten lagundu direnak, eta aurreko urteetatik datozen beste 7 emakumeri jarraipena egin zaie.
Zenbakia bereziki deigarria da, aurreko urteetakoa baino nabarmen handiagoa baita. Honek, Zumaiako Udalaren ustez, bi elementu nabarmen jartzen ditu mahai gainean: batetik, indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen duela, eta, bestetik, geroz eta emakume gehiagok ematen dutela indarkeria egoera horietatik atera ahal izateko pausoa.
Aipatu datuetatik ondorio hauek atera ditu Zumaia Udalak:
-
Indarkeria kasuak jasan dituzten emakumeak 17-82 urte bitartekoak izan dira, baina 9 kasutan adin txikiko seme-alabak daude tartean, eta horiek ere indarkeriaren biktima zuzenak dira. Datuek garbi adierazten dutelako, indarkeria matxistak ez duela adin konkreturik, eta erasoa edozein emakumeri egin diezaieketela. Gainera, askotan haurrek zein adineko emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista kasuak dira ezkutuan geratzen direnak, eta beharrezkoa da errealitate hori ere mahai gainean jartzea.
-
Kontuan hartzekoa datua da baita, gehienetan, emakumeek gertuko gizonengandik jasaten dituztela erasoak. Aurtengo datuen arabera erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremana oso gertuko da, kasuen % 87an ezkontidea, bikotea, ezkontide ohia edo bikote ohia izan baita erasotzailea eta % 0,9an aita edo anaia, eta gainontzekoetan ezagunen bat.
-
Bestalde, emakume hauek jasan duten indarkeria motari erreparatuta, indarkeria fisikoa jasan duten 6 emakume, indarkeria sexuala jasan duten 2 daude, baina guztiek jasan dute indarkeria psikologikoa, eta hain justu, indarkeria mota hau da ezkutuan geratzen dena eta instituzioetara iristen gehiena kostatzen dena.
-
Aurtengo kasu guztietatik 3 kasutan bakarrik jarri da salaketa formala, eta horrek erakusten digu egun eremu judizial eta polizialean hutsuneak daudela eta oraindik asko dagoela egiteko.
Zentzu horretan, Zumaiako Udalak honakoa nabarmendu nahi du:
Gizarte Zerbitzuen arreta jasotzeko edota Emakumeon* Etxeko laguntza juridiko edo psikologikoaz baliatzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea.
Datuok Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Emakumeon* Etxearen bidez jasotakoak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, 7 izan dira orain arte 2024an artatutako kasuak, baina ez dugu kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik. Instituzioen arteko elkarlanean ere hutsuneak daudela adierazten digu horrek, eta bide horretan aurrera egiteko konpromisoa agertu nahi du Udalak.
Indarkeria matxistaren egiturazko izaera
Zumaiako Udalak indarkeria matxistaren egiturazko izaera eta arazoa azpimarratu nahi du, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena.
Aipatutako kasuak kasu isolatuak izatetik urrun, emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira. Indarkeria matxista izeberg baten antzekoa da: erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarria egunerokoan emakumeek bizi dituzten mila eraso ezberdinek osatzen dute.
Azkenik, indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura dela nabarmendu nahi du Zumaiako Udalak. Emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu eta subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatzeaz gain, gizonek ere ardura hartu eta beren pribilejioen inguruan hausnartu dezaten ezinbestekoa da. Horrez gain, ezinbestekoa da bizitzako arlo guztietan gai honen inguruko prebentzioa eta lanketa egitea, errotiko aldaketa bat emateko behar-beharrezkoa baita lanketa etengabea egitea.
Guzti horregatik, Zumaiako Udalak azaroaren 25aren harira izango diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, baita mugimendu feministak egun horretan bertan egingo duen protestara ere. Astelehenean, 19:00etan abiatuko da manifestazioa, Beheko plazatik.
Albiste erlazionatuak
Indarkeria matxista
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/12/02
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- Zumaiako Udalak erabateko gaitzespena adierazi nahi du santelmoetan gertatutako eraso matxisten aurka, eta bat egiten du gaur arratsaldean egingo den elkarretaratzearekin 2023/04/25
Gizarte Zerbitzuak
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13
Emakumeon* Etxea
Berdintasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako Udalaren adierazpena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta 2024/11/25
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12