HAPOari alegazioak aurkezteko epea apirilaren 30era arte luzatuko du Udalak

2025/03/25

Osteguneko ohiko osoko bilkuran erabakiko dute epea luzatzea. Erabaki hau herritarren partaidetza errazteko hartu da, dokumentuak duen konplexutasuna eta gai jakin batzuk sakonago aztertzeko beharra kontuan hartuta. Udal erregistroaren bidez egin daitezke alegazioak: udaletxeko HAZen edo erregistro elektronikoaren bidez.

Zumaiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespenari alegazioak aurkezteko epea luzatzea erabaki du, herritarren eskaerak entzunda, eta parte hartze eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko helburuarekin. Horrela, jatorrizko epea martxoaren 27an amaitzekoa zen arren, alegazioak aurkezteko aukera apirilaren 30era arte egongo da zabalik (egun hori barne).

HAPOari buruzko informazio eta dokumentazio guztia hapo-zumaia.eus webgunean dago eskuragarri. Alegazioak egiteko udal erregistroa erabili beharko da: udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurrez aurre, edo egoitza elektronikoaren bidez.

> hapo-zumaia.eus

Udalbatzak 2024ko abenduan eman zion dokumentuari hasierako onespena, eta 2025eko urtarrilaren 21ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Ordutik, Udalak hainbat ekimen antolatu ditu herritarrei planaren inguruko informazioa helarazteko: erakusketa, hitzaldi informatiboa, parte hartzeko saioak eta talde erredaktorearekin bilerak egiteko aukera, besteak beste.

Hala ere, hainbat herritarrek zailtasunak adierazi dituzte dokumentua ulertzeko eta zenbait gairen sakontze beharra azaldu dute. Horregatik, eta hirigintzan parte hartze publikoaren eta informazioaren printzipio orokorrak kontuan hartuta, epea luzatzea egokia dela ebatzi du Udalak. Luzapena ez da oztopo izango Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea betetzeko epeei dagokienez.