Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak
HAPOa etorkizuneko Zumaia antolatuko duen tresna nagusia da, eta hasierako onarpena jaso du abenduko ohiko plenoan. Urtarriletik aurrera erakusketa eta informazio saioak egingo dituzte, planaren xehetasunak ezagutarazteko eta ekarpenak jasotzeko.
Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) hasierako onarpena jaso zuen abenduko udalbatza ohikoan. Tresna juridiko hau udalerriko lurren eta eraikinen erabilera arautzeko oinarrizko dokumentua da, eta Zumaia etorkizunerako antolatzeko plangintza integrala proposatzen du. Planaren xehetasun guztiak urtarrilaren 8an emango dituzte prentsaurreko batean, eta egun horretatik aurrera, erakusketa bat izango da ikusgai Alondegiko Oxford aretoan. Gainera, herritarrei zuzendutako informazio saioak antolatuko dituzte.
Argi Yeregi hirigintza zinegotziak osoko bilkuran azaldu zuenez, HAPOaren proposamena hiru ardatzen inguruan antolatu dute: etxebizitza, jarduera ekonomikoa, eta espazio eta ekipamendu publikoak. Horrekin batera, hainbat zeharlerroren bidez osatu da plangintza: jasangarritasuna eta ingurumenaren kontserbazioa; inklusibitatea eta berdintasuna; ondarearen babesa; eta, euskara dira oinarri horiek.
EH Bilduko gobernua osatzen duten 10 zinegotzien aldeko botoekin, EAJren aurkako botoarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen hasierako onarpena. EAJk planaren mugikortasun proposamenak eta etxebizitza plangintza kritikatu zituen, epe luzerako ikuspegia falta zitzaiola argudiatuz; gainera, "presaka aritzea" leporatu zion gobernuari.
Hiru ardatz eta zehar-lerroak
Etxebizitza:
Planak 870 etxebizitza berri aurreikusten ditu, horietatik gehienak babes ofizialekoak. Etxebizitza berriak hainbat gunetan kokatuko dira: Aita Marin, Puntanoetan, Narrondon, Guascorren, Estazio auzoan, Oikian eta Alde Zaharrean. Helburua hiri-tramari amaiera ematea da, etxebizitzak eta ekipamenduak tartekatuz.
Jarduera ekonomikoa:
Ekonomia arloan, Zumaiako Udalak industria eta merkataritzari bultzada ematea proposatzen du, eta landa lurrak babesteko neurriak hartuko ditu. Industrialde berriak eta merkataritza guneak aurreikusi dira, lehen sektorea babestearekin batera. Lehendik aurreikusita baina garatu gabe dauden industrialdeak (Xey eta Guascor) mantentzeaz gain, lurzoru berriak aurreikusi dituzte etorkizunera begirako erreserba moduan, baita askotariko jarduera ekonomikoak barnebildu ditzaketen eremuak ere .Gainera, landa-lurrak babesteko neurriak barnebiltzen ditu planak, baita autoktonoak ez diren landaketak saihesteko eta eraikin ilegalak ekiditeko arauak ere.
Espazio publikoa eta ekipamenduak:
Espazio publikoek komunitatearen kohesiorako duten garrantzia azpimarratu zuen hirigintza zinegotziak. Planak espazio okupatuak liberatzea eta espazio libre berriak sortzea aurreikusten du, mugikortasun eredu jasangarri baten bidez. Horretarako, oinezkoentzako bideen hobekuntzak, bidegorri sareak eta aparkaleku berriak aurreikusi dira. Era berean, Puntanoetara futbol zelaia lekualdatzea eta Paolbiden igerileku naturala sortzea proposatzen da, beste askoren artean.
Herritarren parte-hartzea eta informazioa
HAPOren garapena herritarren parte-hartzearekin osatzea da Zumaiako Udalaren helburua. Urtarriletik aurrera informazio saioak eta erakusketa bat izango dira herritarren ekarpenak jasotzeko eta plangintzaren xehetasunak zabaltzeko. Zumaiako Udalak, tresna estrategiko honen bidez, udalerria etorkizunerako prestatzea du helburu, jasangarritasuna, inklusibitatea eta komunitatearen ongizatea oinarri hartuta.
Urtarrilaren 8ko prentsaurrekoan azalduko dituzte fase honi dagozkion xehetasun guztiak.
Albiste erlazionatuak
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO)
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute ekainaren 4an 2024/05/31
- Irakurgai dago Zumaian etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena 2022/05/27
Hirigintza
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16