Urtarrilaren 14an (asteartea) zabalduko dute HAPOari buruzko erakusketa, bi bisita gidaturekin

2025/01/09

Datorren astetik aurrera bisita gidatuak, hitzaldia eta parte hartze saioak egingo dituzte Alondegiko Oxford aretoan. HAPOari buruzko dokumentu guztiak ikusgai daude dagoeneko, eta erredakzio taldearekin bilerak egiteko hitzorduak eskatzeko epea zabalik.

Zumaiako udalbatzak abenduko osoko bilkuran eman zion hasierako onarpena Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) dokumentuari. Jendaurreko agerraldian dago orain dokumentua, eta herritarren parte hartzerako momentua izango da orain. Horrekin batera sektorekako eskumenak dituzten herri-administrazioei ere emango zaie hasierako onespenaren berri, ezagutu dezaten eta beharrezko txostenak egin ditzaten. Fase honen nondik norako guztiak azaldu zituzten atzo arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan egindako prentsaurrekoan; bertan izan ziren Iñaki Ostolaza alkatea, Argi Yeregi hirigintza zinegotzia, Gorka Arregi udal arkitektoa eta Jone Belausteguigoitia erredakzio taldeko arkitektoa.

HAPO.partaidetza (1).png

Tresna juridiko hau udalerriko lurren eta eraikinen erabilera arautzeko oinarrizko dokumentua da, eta Zumaia etorkizunerako antolatzeko plangintza integrala proposatzen du. Gorka Arregi udal arkitektoaren esanetan  "dokumentu honek udalerriko lurren erabilera arautzen du, lurrak kalifikatuz eta babestu beharreko eremuak identifikatuz. Herriaren beharrei erantzuteko oinarrizko tresna da".

Dokumentuari alegazioak egiteko epea oraindik itxita dago; honakoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 45 egun naturaleko epea izango dute herritarrei zein eragileek horiek aurkezteko. 

Parte hartze fasea berriro martxan

Zumaiako Udala 2020tik dago murgilduta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) osatzeko prozesuan, eta hainbat urtetako lanketa tekniko eta parte-hartze fase sakonen ondoren, azken faseetan sartuta dago. Orain, herritarren parte-hartzerako unea iritsi da. Iñaki Ostolaza alkateak azpimarratu duenez, "HAPOa dokumentu konplexua da, lanketa tekniko handia eskatzen duena, baina hasieratik herritarren parte-hartzeari garrantzi handia eman nahi izan diogu".

Hasierako faseetan, 233 pertsonak hartu zuten parte galdetegi digitalen bidez, eta presentzialki antolatutako saioetan beste 138 herritarrek parte hartu zuten, horietatik %16 herriko elkarteetako ordezkariak izanik. Parte-hartze maila nabarmen handia izan da, Zumaiaren tamainako udalerri batean ohikoa dena baino askoz ere handiagoa. Alkateak adierazi bezala, herritarren ekarpenak eta oposizioaren zein askotariko elkarte eta erakundeen iradokizunak HAPOaren diseinuan oinarri garrantzitsuak izan dira.

Zumaiako Udalaren helburua HAPOaren garapena herritarren parte-hartzearekin osatzea da. Dokumentuari buruzko xehetasun guztiak dagoeneko kontsultatu daitezke hapo-zumaia.eus webgunean, baina urtarrilean zehar herritarrek aurrez aurre informazioa jaso eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Horretarako, hainbat ekimen antolatu dira, honakoak, zehazki:

> Erakusketa: urtarrilak 14-26

Urtarrilaren 14tik 26ra bitartean Alondegiko Oxford aretoan HAPOari buruzko erakusketa egongo da ikusgai. Bloke bakoitzari buruzko panelak ikus daitezke bertan, baita HAPOari lotutako dokumentu sorta eta plano mordoa ere. Honako ordutegian bisitatu ahal izango da erakusketa:

  • Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 / 18:00-20:00
  • Larunbat eta igandetan: 12:30-14:00 / 18:00-20:00

Urtarrilaren 27tik aurrera erakusketa Aitzuri frontoian ikusi ahal izango da.

HAPO.png> Bisita gidatuak: urtarrilak 14

Urtarrilaren 14an (asteartea), erakusketa irekitzearekin batera, bi bisita gidatu egingo dituzte, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Bertan, HAPOari buruzko nondik norako nagusiak ezagutzeko aukera izango da, 45 minutuko saio laburren bidez:

  • Urtarrilak 14, asteartea: 18:00etan, gaztelaniaz (45 minutu)
  • Urtarrilak 14, asteartea: 19:00etan, euskaraz (45 minutu)

> Hitzaldia eta parte hartze saioak

Hilaren 21ean (asteartea) HAPOari buruzko hitzaldia emango dute dokumentuaren erredakzioaz arduratu diren taldeko arkitektoek. 18:30ean izango da saioa, Alondegiko Oxford aretoan bertan, elebietan.

Gainera, urtarrilaren 23an (osteguna) parte hartze saio ireki bat egingo dute, hau ere 18:30ean leku berean. Azkenik, hilaren 28an (asteartea) oposizioko ordezkariekin batera landuko dute HAPOa, prozesu guztian egin duten moduan, fase honetan ere haien ekarpenak barnebiltzeko.

> Erredakzio taldearekin bilerak: 

Urtarrilean hasi eta otsaila amaiera bitartean erredakzio taldearekin bilerak hitzartzeko aukera izango dute herritarrek zein elkarteek. Gai konkretuen inguruko zalantzak argitzeko balioko dute saio hauek, baita balizko alegazioak aurkezteko irizpideak jasotzeko ere. 

Bilera horiek eskatzeko bi aukera izango dute herritarrek: hapo-zumaia.eus webguneko formularioa beteta, edo udaletxeko hirigintza zerbitzuarekin harremanetan jarrita (943 86 50 25; Hirigintza sailarekin harremanetan jartzeko eskatu).

Hiru ardatz eta zehar-lerroak

Zumaiako HAPOak udalerriaren etorkizunerako plangintza integrala proposatzen du, eta, Argi Yeregi hirigintza zinegotziak azaldu zuenez, hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu dute proposamena: etxebizitza, jarduera ekonomikoa, eta espazio eta ekipamendu publikoak. Horrekin batera, hainbat zehar-lerro izan dira planaren oinarri: jasangarritasuna eta ingurumenaren kontserbazioa, inklusibitatea eta berdintasuna, ondarearen babesa, eta euskara. Bloke edo atal nagusi horiek erakusketan ikusgai egongo diren totemetan antolatu dituzte, eta bertan xehetasun guztiak kontsultatu ahal izango dira.

Zinegotziak ardatz bakoitzaren nondik norako nagusiak azaldu zituen: "Lehen totema etxebizitza da, guretzako gai larrienetako bat delako. Plan orokor honetan etxebizitza beharrizanei erantzuten saiatu gara, betiere lurraldearekiko oreka bat mantenduz. Bigarren totema, berriz, espazio publikoa da, non kaleak, erabilera publikoko espazio guztiak eta mugikortasuna barne hartzen diren. Espazio publikoa josteko eta eremuak elkarlotzeko plan desberdinak garatu dira, baita ekipamenduei begira ere, mugikortasun eredu jasangarriak sustatuz". Hirugarren ardatza, jarduera ekonomikoak, industria eta merkataritzari lotuta dago, "lan egiteko eta bertan bizitzeko aukera ematen duen udalerri orekatua eraikitzeko".