Hondakinak gaika sailkatzeko sistema berriak sor ditzakeen zalantzak argitzeko informazio saioak egingo dira Zumaian

2017/12/07

Saio informatiboak Oxford aretoan egingo dira abenduaren 12an eta abenduaren 28an, euskaraz eta gaztelaniaz, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.

Urola Kostako Udal Elkarteak sustatu duen hondakinak biltzeko sistema berria datorren otsailaren 1ean sartuko da indarrean. Horren harira, abendua hasieran etxeetara bidalitako informazioa osatu eta zalantzak zein kezkak argitzeko helburuarekin informazio saioak egingo dira Zumaian. Saio horietan hainbat argibide emango ditugu: zerbitzu berriaren inguruko xehetasunak, hondakin organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko txartela (banaketa, nola erabili…), sistema berria jartzeko egutegia…

Saio informatiboak Oxford aretoan egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz, ondorengo egun eta ordutegian:

  • Abenduaren 12an, 16.30ean (euskaraz), 18.00etan (euskaraz) eta 19.30ean (gaztelaniaz);
  • Abenduaren 28an, 9.30ean (euskaraz), 11.00etan (gaztelaniaz) eta 12.30ean (euskaraz).

Udal Elkarteak herritarrak animatu nahi ditu saioetan parte hartzera, “laburrak eta argigarriak” izango direlako.

Urola Kostako bost herrietan martxan jarriko den sistema berriak hainbat abantaila izango ditu: baliabideak optimizatuko dira, birziklatzeko aukerak biderkatu eta errefusa gutxiago sortzeko aukera emango du. Helburua argia da, urtebetean %40ko sailkatze tasatik %60ra igotzea, eta hiru urtetan %75era.