Hondartza denboraldiaren balorazio ona egin du Udal Gobernuak

2020/09/30
Ezohiko uda izan da aurtengoa, eta egoerara egokitzeko hainbat neurri hartu behar izan dira Zumaian ere. Hainbat zailtasun izan badira ere, Udal Gobernuak uste du herritarrak ondo egokitu direla egoerara.

Zumaiako Udal Gobernuaren oharra:

Uda zaila izan da. Kostako gainontzeko herri guztiek bezala, COVID-19aren aurrean segurtasun baldintzak bermatzeko neurriak hartu zituen Udalak denboraldia hasi baino lehen.

Ez zen erraza izan, hasierako egunetan, eskura zeuden aukera guztien aurrean hautua egitea, egoera erabat aurreikusi ezina zelako. Bi irizpide lehenetsi ziren: sinpletasuna -betiere segurtasuna bermatuz-, eta herritarrekiko konfiantza.

Denboraldi hasieran egoera nahasi samarra izan zen, ezin zitekeen bestela. Alde batetik, murriztaileegiak izan zitezkeen neurriak ez ziren hartu nahi (aulkiak eta eguzkitakoak debekatzea, esaterako). Bestetik, beste neurri batzuek nahi ala nahi ez hartu behar izan ziren (aforoa kontrolatzaea kasu).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin (sentsibilizazioa, aplikazio informatikoa...) pixkanaka herritarrak egoerara ohitu dira, eta gehiengo handi batek errespetatu egin ditu irizpide nagusiak: hondartzan denbora gutxiago igarotzea, distantziak eta ibilbideak errespetatzea...

Arazoak ere izan dira, ordea: itsasgoretan Itzurun askotan itxi behar izan da, eta ilarak sortu dira behin baino gehiagotan; Amaia plazako informazio panel elektronikoa berandu jarri zen, eta une askotan ez du informazio egokia eman, arazo teknikoak medio.

Guztiarekin ere, uda aurrera joan ahala eboluzio positiboa izan dela uste du Zumaiako Udal Gobernuak. Jendea ondo egokitu da egoera berrira, gehiengo handi batek arduratsu jokatu du eta uda honetan izan dugun eguraldi paregabeaz gozatu ahal izan dute, bai herritarrek, eta baita bisitari ugarik ere.

Zorionak herritarrei erakutsitako jarreragatik eta emandako konfidantzari ezin hobeto erantzuteagatik.