Itzurunbidea guztiz itxita egongo da ostiral honetan (uztailak 4), igogailuaren egituraren margoketa-lanak tarteko

2025/07/03

Ekaina amaieran igogailuaren egitura muntatu ondotik, margoketa lanetan ari dira orain. Lanak behar bezala egiteko, oinezkoen bidea erabat moztuta egongo da 08:00etatik 18:00etara bitartean.

Itzurunbideko igogailuaren egitura metalikoa margotzeko lanetan ari dira egunotan. Hori dela eta, bihar, ostirala, goizeko 08:00etatik 18:00etara bitartean Itzurunbidea oinezkoentzat erabat itxita egongo da, lanak behar bezala egiteko. Auzokideek zein hondartzara doazenek Larretxoko eskailerak edo aldapa erabili beharko dituzte, beraz. 

Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar eta auzokideei haien ulermen eta pazientziagatik, eta gogorarazi nahi du igogailu berri hau auzoko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko funtsezko elementua izango dela. Igogailuaren lanak amaitu bitartean tarteka halako neurriak hartzea beharrezkoa izango da.

2026 hasierarako martxan

Igogailua berri honek Itzurunbidea pasealekua eta Larretxo auzunea lotuko ditu, eta helburua da herritarren mugikortasuna eta auzune horretako irisgarritasuna hobetzea. Zumaiako Udalak 671.298 euroko inbertsioa egin du, eta Construcciones Urdinberri, S.L. enpresa ari da lanak egiten. Aurreikuspenen arabera, urte berriarekin batera hasiko da martxan.

Igogailu berriak hiru geldiune izango ditu: Itzurunbidea pasealekua, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidean. Proiektuan jasotzen denez, egitura honek ibilbide irisgarria bermatuko du, eremuaren topografia kontuan hartuta. Gainera, lehen eta bigarren pisuko geldiaren eremuak txukunduko ditu Udalak.