Igandean jokatuko den pilota partidarako udal ordezkarien sarrerak zozkatuko dituzte

2020/01/08
Ostiralean egingo dute 15 sarreren zozketa, arratsaldeko 19:00etan. Herritarrek Kiroldegian eman beharko dute izena zozketan parte hartzeko.

Partidaren antolatzaileek udal ordezkariei jaialdietarako eman ohi dizkieten sarrerak zozketatzea erabaki dute Zumaiako Udaleko zinegotziek. Hala, 15 sarrera zozketatuko ditu Udalak zumaiarren artean. Horretarako herritarrek Kiroldegian eman beharko dute izena, gaurtik aurrera eta zozketa egin arteko epean. Zozketa ostiral honetan egingo dute, arratsaldeko 19:00etan.

Urtarrilaren 12an, igandean, jokatuko da eskuz binakako txapelketa profesionaleko partida. Agirre-Eskiroz eta Arteaga II-Urretabizkaia bikoteen arteko norgehiagokak emango dio hasiera pilota jaialdiari, arratsaldeko 17:00etan Aitzuri pilotalekuan. Horren ostean jokatuko dute eskuz binakako txapelketa profesionaleko partida, Olaizola II-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI-Mariezkurrena II bikoteek.

Sarrerak salgai

Oraindik sarrerak salgai daude 25 eta 30 euroren truke (eremuaren arabera), web orri honetan. 25 edo 30 euro horiei internet bidezko erosketaren kudeaketa gastuak gehituko zaizkio.

Egunean bertan Aitzuriko lehiatilan ere salgai egongo dira sarrerak, prezio berdinean (kudeaketa gasturik gabe).

EROSI SARRERAK INTERNET BIDEZ