Kirol klubek, anbulategiak eta Udalak bat egin dute pantailen erabilera osasungarriaren alde

2025/10/20

Haur eta gazteen ongizate digitala sustatzeko ekimen bateratua abiatu dute Zumaian: kirol klubek pantailen erabilera osasungarria sustatzeko dekalogoa osatu dute, eta konpromisoa hartu berau betetzeko.

Zumaiako Udalak eta herriko kirol klubek eta Zumaiako anbulatorioak haur eta gazteen ongizate digitalaren aldeko ekimen bateratua aurkeztu dute. Ekimena teknologia eta ongizatearen arteko oreka bilatzeko gonbidapena da, eta debekatzea baino gehiago, hausnarketa eta jarrera eraldatzailea sustatu nahi du. Aurkezpenean ondoan izan dituzte herriko guraso elkarteetako kideak eta Altxa Burua ekimeneko ordezkariak ere.

Ekimen hau Altxa Burua mugimenduaren ildo berean kokatzen da, eta haurren eta gazteen ongizate digitala sustatzeko herri-mailako sare baten parte da. Helburua da ekimen hori lurreratzea eta eguneroko ohituretan eragitea, irizpide zehatzak eta aldaketa txiki baina errealak bultzatuz.

Horretarako, hezkuntza formalean egiten ari diren lanketari jarraipena emango diote hezkuntza ez-formalean ere, kirolaren eta aisialdiaren eremutik. Proposamenak jarrera eraldaketa praktikoak bilatzen ditu: pantailen erabilera mugatzea, aurrez aurreko harremanak sustatzea eta eredu osasungarria eskaintzea entrenatzaile, guraso eta kluben aldetik.

Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, haur eta gazteetan ohiturak aldatzeko helduon jarrera eta erreferentzia ere lehentasunezkoa dela; horiek horrela, Zumaiako helduak ere pantailekin duten harremanaz hausnartzera gonbidatu dituzte.

Kirol kluben dekalogoa, konpromiso eta bideorri

Zumaiako kirol klubek konpromiso bat hartu dute pantailek haur eta gazteetan sortzen dituzten kalteak murrizteko eta pantailen erabilera osasuntsua sustatzeko. Neurri praktiko eta zehatzak jaso dituzte bertan, besteak beste: 

  • Kirol jardueretan mugikorra saihestea

  • Aldageletan gailu adimendunen erabilera debekatzea

  • 16 urtez azpikoen komunikazioak gurasoak dauden kanaletan egitea

  • Gaueko 21:00etatik aurrera mezurik ez bidaltzeko konpromisoa, atseden eta deskonexio digital osasungarriaren alde

Dekalogoa ez da agindu edo arau zurrun bat, baizik eta eredu positiboa: klubek, entrenatzaileek eta familiek beren jarreraren bidez erakustea teknologiaz gozatu daitekeela, mendekotasunik gabe.

kirol.kluben.dekalogoa.jpg

Kirol kluben dekalogo osoa-1_page-0001.jpg

Hurrengo pausoa: Mugikorrik gabeko guneak

Ekimena herriko bestelako esparruetara ere eraman nahi dute, baina. Horiek horrela, hurrengo pausoa herriko jolas-parke eta kirol-guneetan egingo dute. Panelak jarriko dituzte horietan, espazio horiek mugikorrik gabeko guneak izan daitezen sustatzeko.

Helburua ez da inor epaitzea izango; helduoi burua pantailatik altxatzeko gonbidapena egitea da asmoa, haurren ondoan egon eta haiei merezi duten arreta eskaintzeko. Ekimenak gogoeta eragin nahi du, eta herritarrak gonbidatu norberaren etxean, familian edo taldean ongizate digitala sustatzeko.

Datu kezkagarriak elkarrekin iraultzeko

Neurri eta proposamen hauek ez dira hutsetik sortu, eta azken urteotan identifikatutako arriskuei erantzutea dute xede. Izan ere, osasun arloko profesionalek behin eta berriz adierazi dute pantailek osasunean duten kalteak. Besteak beste nabarmendu dute lehen smartphonea jasotzeko adinak eragin zuzena duela gazteen ongizate mentalean.

Sapiens Labs taldearen Global Mind Project azterketak erakutsi duenez, nesken artean osasun mental ahuleko sintomak %74raino igotzen dira lehen mugikorra 6 urterekin jasotzen dutenean, eta %46ra jaisten dira 18 urte arte atzeratzen bada. Bestalde, Cyberguardians txostenak agerian utzi du smartphoneen erabilera orokortu zenetik adingabeen nahasmendu mentalak bikoiztu egin direla, eta nerabeen heren batek baino gehiagok egunean bost ordu baino gehiago ematen dituela pantailaren aurrean.

Egoera hori iraultzea da, bada, halako ekimenen helburua, neurri zehatz eta egingarriak proposatuz.