Irailaren 1ean zabalduko da Olarro Eguneko batel estropadetan izena emateko epea

2022/08/31

Irailaren 17an ospatuko da 2022ko Olarro Eguna. Batel estropadetan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago dagoeneko, irailaren 14ra arte turismo bulegoan.

Parte hartzeko baldintzak:

  1. Estropadak goizez bakarrik izango dira, 10:00etan hasi eta 12:30ak aldera arte. Arratsaldean ez da estropadarik izango.

  2. Estropada eremua Itsas kiroldegitik irten eta Txomin Agirre kaiaraino joan-etorria izango da.

  3. Parte-hartzaileen gutxieneko adina: 13 urte (aurten betetzen dituztenak). Kategoria bakarra izango da.

  4. Talde bakoitza 4 pertsonek osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.

  5. Bandera irabazteko ezinbestekoa izango da 4tik 2 zumaiarrak izatea.

  6. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta haren telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.

  7. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko parte-hartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaieketen kalte edota lesioen erantzukizunik.

  8. Sari banaketa estropada eremuan izango da. Ohiko banderaz gain, azken urteetan egin ohi den moduan, emakumeen partaidetza saritzeko beste bandera bat izango da. Parte-hartzaileen artean bisita gidatu bat ere zozketatuko da.

  9. Sailkapen bakoitzean denbora onena egin duten bi taldeek finala jokatuko dute.

  10. Izen-ematea turismo bulegoan nahiz online egingo da irailaren 1etik 14ra bitartean (barne), eta nahitaezkoa izango da izen-emateko orria betetzea. Behin izena emanez gero, parte hartzeko konpromisoa hartzen da.

  11. Lasuna batela entrenamenduetarako erabili ahal izateko eskaera turismo bulegora presentzialki joanez, telefonoz deituz edota webgunetik online eskaera eginez, beti ere estropadan parte hartzeko izena eman ondoren. Entrenamenduan txalupa eta arraunen ardura egokia ez duen taldeak ezingo du estropadan parte hartu. Taldearen ardura izango da erabilera baldintzak zein diren jakitea.

  12. Zozketa egiteko bilera irailaren 15ean (osteguna) 19:00etan izango da. Ezinbestekoa da talde bakoitzetik arduradun bat bileran izatea.