Kiroldegia berritzeko eta bigarren igerilekua egiteko proposamena aurkeztu die Udalak kirol klubei

2022/03/30

Igerileku berriak lau kale edukitzea aurreikusten du aurreproiektuak, baita kiroldegia barrutik eta kanpotik berritzea ere. Udalaren asmoa da 2023ko aurrekontuetan lan horien proiektu-idazketa sartzea.

Kiroldegia berritu eta lau kaleko bigarren igerileku bat egiteko aurre proiektua prest du Udalak. Hori horrela, azken asteotan oposizioko ordezkariekin eta kiroldegia erabiltzen duten klubetako ordezkariekin bildu dira Iñaki Ostolaza alkatea, Arritxu Iribar kirol zinegotzia eta kiroldegiko arduraduna, proiektuaren berri emateko.

Bigarren igerileku bat egin nahi dute, lau kalekoa. Gaur egungo igerilekuaren ondoan, tenis pista dagoen aldera, kokatuko litzateke. Jarraian joango lirateke tenis eta padel pistak. Gainera, kiroldegia barrutik eta kanpotik eraberritzea da asmoa, eta aldagela gehiago lortzeaz gain, ikastaroetarako 265m² ko bi areto balioanitz berri ere lortuko lirateke.

Planoak beherago

Udalaren asmoa da 2023ko aurrekontuetan lan horien proiektu-idazketa sartzea, lanei 2024an ekin ahal izateko. Bitarte horretan, finantzazio bide posibleak mahai gainean jarri eta Udaleko alderdi guztien adostasunarekin lotzea da Ostolazaren asmoa. Horregatik aritu da azken asteotan oposizioko kideei zein kiroldegiko erabiltzaile diren kirol klubei aurre proiektua azaltzen. Datorren astean Gipuzkoako ahaldun nagusiari ere aurkeztuko dio, Zumaiara egingo duen bisitaren barruan.

Futbol zelairako ere proposamen berria du Udalak, eta dagoeneko Zumaiakorekin bildu da haren berri emateko. Aurrerago emango dituzte futbol zelaiarekin lotutako zehaztasunak, kiroldegia eraberritzeko aurre proiektutik aparteko lanketa berezia behar baitu.

 

PLANOAK
Egin klik irudian handian ikusteko (PDF)

 

 

Solairu nagusiaren ebaketa planoa. Bertan igerileku berria ikus daiteke, besteak beste. Goikoa orain artekoa, behekoa proiektu berrian aurreikusitakoa.

 

Lehenengo solairuaren ebaketa planoa. Bertan ikus daitezke aldagela berriak eta ikastaroetarako 260 ko bi gela balioanitz berriak. Goikoa orain artekoa, behekoa proiektu berrian aurreikusitakoa.

 

Kanpoaldeko eta fatxadaren alboko berrikuntzak erakusten dituen planoa