Kiroldegia zabalik egongo da datorren astean

2020/06/24

Azken urteotan sanpedroen ostean itxita egon izan da kiroldegia, mantentze- eta konponketa-lanak egiteko. Aurten konfinamendu garaian egin dituzte lan horiek, eta irekita egongo da ekainaren 29tik uztailaren 5erako astean. Bestalde, udako kirol ikastaroetako izen-ematea irekita dagoela gogorarazi du Kirol Patronatuak.

Sanpedroen astean Lubaki Kiroldegia itxita egon ohi da urtero, orduan egin izan baitituzte mantentze- eta konponketa-lanak. Aurtengoan konfinamendu aldian egin dituzte garai honetan egin ohi diren lanak, eta ondorioz, kiroldegia irekita egongo da ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean.

San Pedro egunean, ekainaren 29an, 6:30etik 14:00etara egongo da irekita kiroldegia. Gainontzeko egunetan ohiko ordutegia izango du kiroldegiak: astean zehar 6:30etik 21:30era egongo da zabalik; larunbatean eta igandean, 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara.

Kirol ikastaroetarako izen ematea zabalik

COVID-19ak sortutako osasun krisiak udako kirol ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu, baina ikastaro ugariri eutsi dio Zumaiako Kirol Patronatuak. Ikastaro gehienetan oraindik lekuak gelditzen direla jakinarazi du Kirol Patronatuak.

Helduen honako jarduerak egin ahal izango dituzte: Zumba, cycling-a, TRX, GAP eta piragua. Gazteek zumba, cycling gaztea, piragua eta multifitness egin ahal izango dituzte; azken jarduera horretan, 12-16 urte bitarteko gazteek jarduera ugari probatzeko aukera edukiko dute, hala nola, cycling, GAP edota TRX modalitateetako ariketak egingo dituzte. Haurrei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte: Zumba, piragua (goizeko 9:00etako txandan bakarrik gelditzen da lekua) edo mendi bizikleta (10:15-11:15 bitarteko txanda beteta dago; beste bi txandetan lekua gelditzen da). Gainera, haur eta gazteei zuzendutako padel ikastaroan ere lekuak daude oraindik; gehienez lau pertsonaz osatutako taldeak osatuko dituzte jarduera horretan.

Ikastaro horiek guztiak ekainaren 30ean abiatuko dira, eta gehienek hilabete bateko iraupena izango dute; elkarteek antolatutako ikastaroek hamabostaldi bat iraungo dute. Izena emateko epea zabalik dago eta herritarrek Kiroldegian bertan eman beharko dute izena.

Ikusi udako kirol ikastaroen eskaintza: