Mapa toponimiko berria aurkeztu dute

2019/12/04

Datozen egunetan banatuko da mapa berria Zumaiako etxe guztietara. Zumaia.eus gunean bertsio digitala ikus eta eskura daiteke.

Euskararen Egunean, abenduaren 3an, aurkeztu zuen Zumaiako Udalak mapa toponimiko berria. Euskaltzaindiko Mikel Gorrotxategik toponimiaz hitz egin zuen lehenbizi, eta ondoren mapa berriaren azalpenak eman zituen Xabier Azkuek, Udaleko euskara teknikariak. Datozen egunetan banatuko da mapa berria Zumaiako etxe guztietara.

Duela 12 urte ateratakoa zen azken mapa, eta eguneratzeko premia bazuela azaldu zuen Xabier Azkue Euskara teknikariak, orain informazioa geografikoa eta kartografia digitala beste era batera lantzen delako. Udalak Geograma enpresaren laguntzarekin egin ditu lanak.

 Aurreko maparekin alderatuta, hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Eskala handiagoan landu da, 1:7.000n, Elorriaga aldea aintzat hartu gabe.

  • Narrondo ibaia zena Arroaerreka izango da hemendik aurrera, Euskaltzaindiak hala arautua duelako.

  • Izen batzuk gehitu edo zuzendu dira, esaterako Jaiskunea (Algorriko eskailerak), Santiagotxiki (padura ingurua), Arritokieta (lehen Arridokieta) eta Mantzizidor (lehen Mantzisidor).

  • Atzeko aldean oinezko ibilbide batzuk adierazi dira.

  • Mapa txiki batean herriguneko kaleak eta zenbakiak jarri dira, interes puntuekin batera. Kaleen izen batzuk Euskaltzaindiaren irizpideen arabera berrikusi dira eta zalantza batzuk argitu: Patxita Etxezarreta, Ardantzabidea…

  • Argazki batzuen bidez izen ezezagun batzuk azpimarratu dira: Amabirjiñabista (Foronda), Usurbiribillaga uharteak (Bedua alderakoak), Indiakoa (Ubillos), etab.

  • Etxeen izenak gehitu dira, guztira 50 izen berri baino gehiago, herritarrek emandako agiriei eta artxibategietan topatutakoei esker.

 Etxe izen hauetako batzuk ezagutarazteko altzairuzko 20 xafla edo errotulu egin ditu Udalak, agirietan begiratu eta izenen berri eman zuten herritarrei eskerrak emateko. Abenduan jarriko dituzte, eta Udalaren asmoa da 2020an beste etxe batzuetan ere antzekoak jartzea, bizilagunak ados egonez gero.

 Egun hauetan banatuko dira mapak etxeetan, eta ale gehiago hartzeko aukera egongo da udaletxean, turismo bulegoan eta Alondegian. Udaletxean tolestu gabeko ale batzuk egongo dira, gainera, horman jarri nahi duenarentzat.

Zumaia.eus gunean ere jada ikus eta eskura daiteke mapa berria.

Zumaiako Udal mapa (2019)