Ostiral honetan izango da Euskal Jai Eguna
Baserriko produktuen azokak, bertsolariek, kantu kalejira, albokari eta trikiti eta pandero doinuek hartuko dute Zumaia ostiral honetan.
Ostiral honetan (abuztuak 7) ospatuko da aurtengo Euskal Jai eguna. Urtero bezala, hamaika jarduera eta giro ederra izango dira goizean goizetik ordu iluntze partera bitarte.
Egunari hasiera txalaparta doinuek emango diote, eta baserriko produktuen azokak hartuko du goizean Alde Zaharra. Miren Artetxe eta Xabat Illarregi bertsolariek, gainera, bertso saioa eskainiko dute eguerdian, udaletxean, balkoitik balkoira. Ondoren, 13:00etan, Kofradiako balkoian ariko dira bertsotan.
Ordu berean, udaletxe aurretik kantujira abiatuko da Larraina Euskara Elkarteak eta Korokoiak taldeak antolatuta. Herri bazkarian ehunka herritar elkartuko dira gero Eusebio Gurrutxaga plazan, eta bazkalostean Joxe Mendizabalek alaituko du giroa.
Arratsaldean jarraituko du festak: 18:00etan Joxe Mendizabalekin haurrentzat dantzaldia izango da Amaia plazan. Ordu berean, Erkibe kultur elkartearen eskutik taloak izango dira, eta 18:30etik aurrera, Jagoba eta Maddalen trikitilariek dantzaldia eskainiko dute Eusebio Gurrutxaga plazan.
Jainekin txarangaren kalejira ere izango da herrian zehar arratsaldean. Ohi bezala, 19:00etatik aurrera sagardo dastaketa izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Eguna amaitzeko, Laket Anaien kontzertua izango da Amaiako plazan (euria egingo balu, Kofradiara lekualdatuko litzateke emanaldia).

Sagardo dastaketa
Aurtengoan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, hamar ekoizleren sagardoa dastatu ahal izango da Eusebio Gurrutxagan: Aburuza, Bereziartua, Ekain, Gartziategi, Iparragirre, Izeta, Lizeaga, Petritegi, Satotxa eta Urdaira.
Sagardoa edateko, basoaren edo koparen artean aukeratu ahal izango da. Basoa hartuz gero, 2 euro ordaindu beharko dira; kopak, berriz, 3 euro balioko dute. Aurten, edalontziak eta kopak itzultzeko aukera egongo da, baina itzulketarekin ez da dirurik emango. Hori dela eta, aurtengo salneurria baxuagoa izango da. Itzulketak egiteko azken ordua 21:00ak izango da.
Udalak eskertu egin nahi die Alde Zaharreko bizilagunei azokaren muntaketak, auzoa atontzeko lanek eta edukiontzien lekualdaketek eragindako eragozpenen aurrean izandako pazientzia eta ulermena.



