Olarro Egunerako egitaraua prest dago, eta kamisetak zein zapiak salgai dira

2026/09/03

Irailaren 19an izango da aurten Olarro Eguna. Dagoeneko salgai daude kamisetak eta zapiak Turismo Bulegoan, eta herri bazkarirako txartelak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Irailaren 19an, larunbatarekin, ospatuko da aurten Olarro Eguna Zumaian. Egun osorako egitarau zabala prestatu dute, eta olagarroa, itsas kultura eta herriko giroa izango dira protagonistak.

Egitarauaren barruan, XX. Argazki Rallya izango da goizeko hitzorduetako bat. Parte hartu nahi dutenek 09:00etatik 10:00etara eman beharko dute izena, Alondegiko Oxford aretoan. Egunean bertan ezarritako gaiaren bueltan, herriko hainbat txokotan barrena argazkiak ateratzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Eguerdian entregatu beharko dituzte beren lanak leku berean, eta ospe handiko argazkilari talde batek hautatuko ditu gero argazki onenak.

Beste hainbat ekitaldi

Goizean zehar, gainera, Eusebio Gurrutxaga plazan azoka izango da, eta haur eta gaztetxoentzako jolasak eta olagarro-panpin tailerrak ere egingo dira. 

Itsas munduak ere presentzia berezia izango du egunean zehar: Kofradiako arrainen salmenta aretoa ezagutzeko ateak zabalduko dira, eta Flyscheko olagarroa bisita gidatua ere egingo da. Kalejirak, batel estropada eta arratsaldeko txaranga eta erromeriak osatuko dute eguneko egitaraua.

Txosnetan olagarroa patatekin eta olagarro brotxetak dastatzeko aukera izango da. Zumaiako Udalak elkarteen lanari balioa eman nahi die, horiek arduratuko baitira beste urte batez jakia prestatu eta banatzeaz.

Azkenik, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. 

Planoa.jpg

Kamisetak eta zapiak, salgai

Olarro Egunean ohikoa den granate koloreak hartuko du herria. Nahi duenak jada eskuragarri ditu kamisetak eta zapiak, 10 eta 2 euroren truke, hurrenez hurren, Turismo Bulegoan.

Herri bazkarirako txartelak, berriz, astelehenetik aurrera izango dira salgai, Turismo Bulegoan bertan. Helduek 12 euroren prezioan eskuratu ahal izango dute bazkariko txartela; haurrek, 8 euroan.

Egitaraua

Irailak 19, larunbata | Olarro Eguna

  • 09:00-10:00 XX. Argazki rallya. Izen ematea Alondegiko Oxford aretoan.
  • 10:30-14:30 Eusebio Gurrutxaga plazan azoka.
  • 10:30ean Haur eta gaztetxoentzako jolasak, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustiano arraunlaren parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetoak puskatzea, etab.
  • 11:00-13:00 (bi txanda) Gernikako parkean 6-10 urte bitarteko haurretzat Algorri Interpretazio Zentroko olagarro panpinen tailerrak. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943-14 31 00.
  • 11:00 Kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XVIII. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
  • Goiz partean, olagarroa patatekin eta brotxetak txosnetan.
  • 11:00etan Flyscheko olagarroa bisita gidatua euskaraz (gaztelaniaz 12:30ean). %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: geoparkea.eus.
  • 11:00-14:00 Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • 11:15ean Hamaiketakoa, olagarro harrapatzaile izandakoentzat.
  • 11:30ean Herriko txistularien kalejira Astindu taldearekin.
  • 12:30ean Kalejira Zutrik trikitilarien eskutik.
  • 17:00-19:00 Kofradia, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • Arratsaldez, olagarro brotxetak txosnetan.
  • 18:30ean Hamarru elektrotxaranga herriko kaleetan.
  • 19:30ean Kofradia, Olarro Eguneko XVIII. bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
  • 22:30ean Kofradia, erromeria Sutargi taldearekin.