Gabonak antolatzeko bilera irekia deitu du Udalak urriaren 19rako

2026/10/08

Jaiotzaren antolaketan, Errege Kabalgatan nahiz bestelako ekitaldietan laguntzeko prest dauden herritarrekin bilduko da Udala. Egitarauan prestaketan ekarpenak ere jaso nahi dituzte, egun horietarako egitarau aberatsa osatzeko.

Urria hasi besterik ez da egin, baina iritsi da Gabonetako jaiak antolatzeko lanak martxan jartzeko garaia. Herritarren, taldeen nahiz elkarteen laguntza beharko du aurten ere Zumaiako Udalak Gabonetako ekitaldiak antolatzeko, eta horien inguruan aritzeko, bilkura irekia deitu du urriaren 19rako. Alondegian izango da, 19:15ean. 

Gabonetako egitaraua osatzeko hainbat lan izaten dira urtero, besteak beste, Jaiotzaren antolaketa eta Errege Kabalgatako karrozak eraikitzea, baita kabalgata bera prestatzen eta antolatzen laguntzea ere. Horregatik, Udalarentzat beharrezkoak dira herritarren eta herriko eragileen parte-hartzea.

Bilerara joaterik ezin, baina parte hartu nahi dutenek edo proposamenen bat aurkeztu nahi dutenek, Alondegia kultur etxeko bulegoarekin jar daitezke harremanetan, 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo kultura@zumaia.eus helbidera idatzita.

Zumaiako Udalak herritarrak animatu ditu Gabonetako egitarauaren prestaketan parte hartzera, elkarlanean egun horietarako egitarau aberatsa osatzeko.