Ostiralean zabalduko da Olarro Eguneko batel estropadetan parte hartzeko izen-emate epea

2017/08/28

Interesdunek turismo bulegoan apuntatu ahal izango dute hilaren 13a arte eta 14an parte hartzaileen artean zozketatuko dira estropada eguneko txanda eta batelak. Halaber, hala nahi dutenek hilaren 15a arte izango dute udaletxeak entrenamenduetarako ahalbidetzen duen batela erabiltzeko eta horretarako txanda ere turismo bulegoan eskatu beharko dute.

Datorren hilaren 16an Olarro Eguna ospatuko da Zumaian eta antolatutako ekintzen artean, ohikoa den bezala, estropadak egingo dira, oraingoan, goizeko txandan soilik, 12:00etan, hain zuzen.

Ildo horretan, datorren ostiralean, hilak 1, zabalduko da kirol froga horretan izena emateko epea eta interesdunek turismo bulegoan apuntatu ahal izango dute hilaren 13a arte. Behin parte-hartzaileen zerrenda osatu ostean, hilaren 14an estropada txanda eta batela zozketatuko dira guztien artean. Zozketa hori turismo bulegoan bertan egingo da, arratsaldeko 19:30ean eta ezinbestekoa izango da gutxienez talde bakoitzeko ordezkari bat bertan egotea.

Halaber, bien bitartean, urtero Udalak estropaden entrenamenduetarako ahalbidetzen duen batela erabiltzeko aukera ere egongo da.  Horretarako, ostiraletik aurrera parte hartzaileek turismo bulegoan eskatu ahal izango dute beren txanda eta erabiltzaileak, gehienez, 4 lagunez osatutako taldeak izan beharko dute. Entrenamenduak, irailaren 1etik 15era bitarte egin ahal izango dituzte.