Olarro Egunerako dena prest: programa ikusgai eta herri bazkariko txartelak salgai
Irailaren 20an izango da aurtengo Olarro Eguna. Herri bazkariko txartelak, zapiak eta kamisetak salgai daude dagoeneko, turismo bulegoan.
Olagarroa, gastronomia eta itsas munduaren festa izango da Zumaian irailaren 20an. Olagarro-brotxetak eta olagarroa patatekin dastatzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria izango da eguerdian —aurten, lehenengoz, Sagarbideko aterpean—, eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi.
Goizean elikagaien azoka izango da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta, Argazki Rallya herri osoan zehar. Urteroko batel estropada 11:00etan hasiko da; izen-ematea zabalik dago oraindik. Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako tailer eta jolasak ere antolatu dituzte, eta Kofradiako arrainen salmenta aretoa ezagutzeko aukera izango da. Bestalde, Flyscheko olagarroa bisita gidatuak eskainiko dituzte. Musika emanaldiak ere ez dira faltako.
Zumaiako Udalak herriko elkarteen ekarpenari balioa eman nahi dio, eta horiek gabe Olarro Eguna ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu du.
Azken urteotan bezala, txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Halako festa egunetan sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da, eta, baita sortzen direnean birziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Neurriak hartzearekin batera, herritarren kontzientziazioa sustatu nahi du Udalak, eta hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die.
Azkenik, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. Azkenik, kontsumo arduratsurako deia egiten die herritar guztiei.

Programa:
- Goiz partean XIX. ARGAZKI RALLYA. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.
- 10:30etik 14:30era Eusebio Gurrutxaga plazan ELIKAGAIEN AZOKA.
- 11:00etan hasita HAUR ETA GAZTETXOENTZAT JOLASAK Gernika parkean: lokotxak, sokatira, toka, igela, uztaiak eta bola-jokoa.
- 11:00etatik 13:00etara (bi txanda), Gernikako parkean 6-10 urte bitarteko haurrentzat Algorri Interpretazio Zentroko olagarro panpin TAILERRAK. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943143100.
- 11:00etan kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XVII. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.
- Goiz partean, OLAGARROA PATATEKIN eta BROTXETAK txosnetan.
- 11:00etan, “Flyscheko olagarroa” BISITA GIDATUA euskaraz (gaztelaniaz 12:30ean) % 50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: geoparkea.eus.
- 11:00etatik 14:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.
- 11:15ean HAMAIKETAKOA olagarro harrapatzaile izandakoentzat.
- 11:30ean herriko txistularien KALEJIRA Astindu taldearekin.
- 12:30ean KALEJIRA Zutrik trikitilarien eskutik.
- 14:30ean HERRI BAZKARIA, Sagarbideko aterpean.
- 17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.
- Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.
- 18:30ean GAUTXORI TXARANGA herriko kaleetan.
- 19:30ean Kofradian, Olarro eguneko XVII. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.
- 22:30ean Kofradian, ERROMERIA Imuntzo eta Beloki taldearekin.
Albiste erlazionatuak
Olarro eguna
Kultura
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Banatu dituzte Julene Azpeitia 38. ipuin lehiaketako sariak 2025/11/25
- Hemen da berriro Euskararen Astea 2025/11/21
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



