Patxita Etxezarretako autobus geltokia ezeztatuko dute asfaltatze lanak egin bitartean

2026/09/11

Asfaltatze kanpainaren barruan, kale horretan lanak egingo ditu Udalak astelehenetik aurrera. Obrak iraun bitartean, Txomin Agirre kaia izango da autobusen geraleku bakarra herrian.

Zumaiako Udalak asfaltatze kanpainaren barruan Patxita Etxezarretako autobus geltokian egingo ditu datozen egunetan aurreikusitako lanak. Lehen fasean, geltokiaren inguruko obra zibila egingo da, eta ondoren asfaltatze eta margoketa lanak egingo dira.

Lanak direla eta, Patxita Etxezarreta 6 zenbakiko autobus geltokia kendu egingo da obrek irauten duten bitartean. Lurraldebusek jakinarazi duenez, UK06 linean, Zumarragarako noranzkoan, autobusek ez dute Patxita Etxezarretako geltokian geldialdirik egingo, eta Zumaiako tren geltokian egingo dute geldialdi bakarra.

Bestalde, DB05, UK07, UK09, UK10 eta UK11 lineetan, Zumaiara iristean, Moilan egingo da geldialdia, eta ez da beste geralekurik egongo herrian.

Geltokiaren inguruko lanek 10-14 egun inguruko iraupena izatea aurreikusten da, nahiz eta Udalak epea ahalik eta gehien murrizteko ahalegina egingo duen. Udalak herritarren eta, bereziki, autobus zerbitzuaren erabiltzaileen lankidetza eta pazientzia eskatu du lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen aurrean.

Lan-egutegia eguraldiaren eta sor daitezkeen bestelako gorabeheren arabera aldatu ahal izango da. Aldaketarik izanez gero, Udalak horren berri emango du dagokion unean.