Proba pilotua abiatuko du Zumaiako Udalak komertzio txikien ondoan epe laburreko aparkalekuak sustatuz

2019/08/05
Merkatari txikiei laguntzeko froga pilotu bat martxan jarriko du Zumaiako Udalak. OTA eremua gertu ez daukaten komertzioentzat izango da lagungarri, eta neurri honen bidez erosketak iraun bitartean egoiliar eremuan aparkatzea ahalbidetuko du.

Iñaki Ostolaza alkatearen arabera “hainbat merkatarik kezka adierazi dute OTA eremua gertu ez izateagatik, jende gutxiago bertaratzen delako euren dendetara. Epe laburreko egonaldien bitartez erraztasuna jarri nahi diegu merkataritza txikian erosten duten herritarrei, aldi berean egoiliarrentzat kalterik suposatu gabe”.

Merkatari txikiek bi txartel berezi izango dituzte, eta edozein herritarrei lagatzeko aukera izango dute, izan zumaiarrak edo kanpotarrak. Txartel honekin, herritarrek dendatik gertu dauden egoiliarrentzako plazetan aparkatu ahal izango dute erosketak iraun bitartean, isunik jaso gabe.

Merkatariak arduratuko dira herritarrei txartela uzteaz eta erosketa bukatzen denean berriz ere jasotzeaz. Merkatariek beraiek eskatu beharko dituzte txartelok, Turismo Bulegoan abuztuaren 6tik aurrera.

Hilabete iraungo du probak, eta OTA epea amaitzen denean kenduko da eta baloratuko da datorren urtean mantenduko den, handituko den edo kenduko den.