Torreaga eremurako hirigintza-proposamena aurkeztuko dute uztailaren 2an

2020/06/25

Uztailaren 2an, ostegunean, Zumaiako Udalak eta enpresa eraikitzaileek Torreaga eremurako hirigintza-proposamena aurkeztuko diete herritarrei. Saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, eta Udalaren izenean argitu dute eremuaren antolamenduari buruzko saioak izango direla, ez bertan eraikiko diren etxebizitzei buruzkoak.

Zumaiako Udalak uztailaren 2an, ostegunean, aurkeztu die herritarrei Isga Inmuebles SA eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SA enpresek sustatutako Zumaiako 12.2 Torreaga esparruko 1. Puntuanueta II sektoreari buruzko Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketaren hirigintza-proposamena.

Torreagako eremuan egin beharreko etxebizitza eta hirigintza-antolaketari dagokion prozesua luzea izan da. Hasiera batean Torreagan kokatutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak Puntanuetako eremura mugitu zituzten; prozesu hori bertan behera gelditu zen, eta gerora, Babes Ofizialeko Etxebizitzak hasierako lekura, Torreagako eremura, eramatea erabaki zuen Zumaiako Udalak 2018an. Ordutik, prozesuak bere martxa jarraitu du eta Arau Subsidiarioen aldaketa egitea tokatzen da orain; aldaketa horren proposamena jendaurrean aurkeztuko dute uztailaren 2an.

Bi saio egingo dituzte uztailaren 2an, ostegunean: lehenenegoa, 17:00etatik 18:00etara gazteleraz; bigarrena, 18:30etik 19:30era euskaraz. Bi saioak udaletxeko pleno aretoan egingo dituzte, eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako herritarrek 943 86 50 33 telefonora deituta edo internet bidez eman beharko dute izena. Teknikariek poposamenen berri emango diete herritarrei, eta horien ekarpenak jaso.

Arau Subsidiarioen Aldaketa horren proposamenei buruzko informazioa eskuragarri dago lotura honetan eta Sukia eraikuntzak enpresaren webgunean.

Torreagako etxebizitzak eraikitzeko prozesua

Torreagako etxebizitzak eraikitzeko prozesuak hainbat izapide administratibo bete behar dituela argitu dute Udalaren izenean. Horietan lehena, eta ezinbestekoa, Zumaiako Arau Subsidiarioaren aldaketa da. Hain justu, aldaketa horren proposamena da uztailaren 2ko saioetan aurkeztuko dute.

Arau Subsidiarioaren aldaketa egin ostean Torreagako etxebizitzen prozesuak aurrera jarraituko du. Eremu horretan 249 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, horietatik 52 Babes Ofizialeko Etxeak eta beste 52 etxebizitza tasatu.

Zumaiako Hiri antolamenduko Plan Orokorra idazteko lanak martxan

HAPO udalerria antolatzeko tresna nagusia eta funtsezkoa da. Laburbilduz, HAPOk zer, non eta zenbat eraiki daitekeen arautzen du, udalerriko eremu fisikoaren barne. Behin betiko onespenera iritsi arte, hainbat fase dituen prozesu luze eta konplexu bat da.

Lan hauen nondik norakoa herritarrei informatzeko Martxoaren 16an aurkezpena egitea aurreikusita zegoen, COVID-19-ak sortutako larrialdi egoera dela eta bilera bertan behera geratu zen, dena den lanak aurrera jarraitu da eta parte-hartze digitala martxan izan da. Parte hartze hau ekainak 25ean itxiko da. Ondoren dokumentuaren AURRERAKINA lantzen hasiko da. Guzti honen berri informatzeko irailean aurkezpen bilera berri bat egitea aurreikusten da. Aurrez egun arteko informazio guztia www.hapo-zumaia.eus webgunean duzue.