Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritzeko lanak martxan
Zumaiako Udalak 591.264 euro erabiliko ditu lan horiek egiteko, eta helburuak dira eraikinaren lehen solairua modernizatzea eta egungo diseinu-kanonetara egokitzea. Irisgarritasuna eta heziketa-ingurunearen kalitatea hobetzearekin batera, eraikinaren jasangarritasunean aurrerapauso garrantzitsua emango da.
Hasi dituzte Aita Mari eraikina eraberritzeko lanak. Eraberritze-proiektuaren ardatza eraikinaren lehen solairua izango da, gaur egun Lehen Hezkuntzako lehen zikloa dagoen tokia; eremu hori egungo diseinu-kanonetara egokituko da, heziketa-eremu atseginagoa sortzeko.
Barne-antolaketari dagokionez, bere horretan mantenduko da orain arteko 4-4 ikasgelen eskema: egun eraikinaren hegoaldean 3-4 urteko haurrentzako lau gela daude, eta iparraldean 4-5 urteko haurrentzako beste lau. Ikasgela bakoitzak ikasgai espezifiko bat barnebiltzen du: matematika eta zenbakiak, zientziak eta natura, espazio artistikoa eta hizkuntzak. Antolaketa horri esker, haurrak espazioan mugitzen dira, esplorazioa eta zirkulazio askea sustatuz, eta horrek ikaskuntza aktiboagoa eta integratuagoa egiten laguntzen du. Eraberritzearekin, espazio malguagoa eta funtzionalagoa izango da.
Gainera, eraikinaren isolamentu termikoa zein akustikoa hobetzeko, eta, energia eraginkortasuna handitzeko, fatxada osoa estradosatuko da; instalazio elektrikoa ere erabat aldatuko da, eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko.
Diseinu berri hau Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean garatu da. Horiek horrela, Udala eta hezkuntza-komunitatea eskuz esku aritu dira ikasleen beharrei erantzungo dien heziketa-eremu egokitua sortzeko. Zumaiako Udalak 591.264 euro erabiliko ditu obra egiteko, eta, ondo bidean, irailaren amaierarako prest egongo da guztia.
Hurrengo pausoak: haurreskola, eta sukalde eta jantoki berriak
Zumaiako Udalak eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak akordioa izenpetu zuten 2021 amaieran, Herri Eskolako Aita Mari eraikinean haurreskola berria kokatu, eta sukalde eta jantoki berriak egiteko. Bi aldeak, hezkuntza komunitatearekin batera, espazioen banaketaren inguruko lanketa egiten aritu dira ordutik. Zumaiako Udalak dagoeneko prest dauka hitzarmenaren zirriborroa, eta aste honetan bertan igorriko du Eusko Jaurlaritzara. Honakoak onartuko balu, hurrengo pausoa proiektua lizitazioa izango litzake; ondoren etorriko litzake obra.
Azken urteotan bestelako hobekuntzak ere egin ditu Udalak hezkuntza publikoaren azpiegituretan: Aita Mari eraikineko jolastoki berriak eta bi sarrera nagusien hiritartzeak dira horietako batzuk. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean beste bi lan garrantzitsu garatu dira: Herri Eskolaren Sagarbide esparruan erabilera anitzetarako aterpea eraiki da, eta, dagoeneko oso aurreratuta daude DBHko eraikin berriaren lanak.
Lan horiek guztiak ildo estrategiko bati erantzuten diote: Zumaian 0 urtetik 18 urtera arteko kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko azpiegiturak egokitzen ari dira espazio berean, Aita Mari-Sagarbide espazioan, alegia.
Albiste erlazionatuak
Hezkuntza
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- [BIDEOA] ZHEko Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritu du Udalak 2024/10/31
Hirigintza
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Ardantzabideko igogailua ez da erabilgarri egongo ostegunean eta ostiralean 2024/11/19
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04