Irakurgai dago Zumaian etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena
Atari bakoitzean gehienez ere etxebizitza turistiko bakarra egotea, eta herri osoan dauden plaza kopurua mugatzea dira proposamenaren zutabe garrantzitsuenak. Gainera, Zumaiako erdigunea babesteko neurriak hartuko dituzte. Indarrean dauden lizentziak bere horretan mantenduko dira.
Udal teknikariak, etxebizitza turistikoen jabeak zein Etxebizitza Asanbladako kideak elkarrizketatu, eta araudi desberdinak aztertu ondotik, etxebizitza turistikoen gaia erregulatzeko proposamena osatu du Udal Gobernuak. Maiatzaren 18an aurkeztu zuten jendaurrean, eta, orain, forma juridikoa eman eta HAPOan txertatzeko lanketan murgildu dira.
> Proposamena | Zumaiako Etxebizitza Plana: ETXEBIZITZA TURISTIKOAK
Egindako elkarrizketetan hainbat ondorio partekatu atera dituzte (horiek guztiak txostenean irakur daitezke):
- Etxebizitzaren arazo nagusia ez dira pisu turistikoak, baina hauek erregulatzea ezinbestekoa da, bai etxebizitza turistikoen jabeentzako baita herritarrentzako ere. Dena den, pisu turistikoak arazoaren eragile nagusia ez izan arren, etxebizitza horrek iraupen luzeko alokairura bideratuko balira, alokairuaren problematika murriztu egingo litzateke.
- Orain arte modu egokian dauden etxebizitza turistikoen lizentziak ez dira atzera botako.
- Etxebizitza turistikoak erabilera tertziarioa izan behar dute, jarduera ekonomiko bat diren heinean.
- Hainbat neurri murriztaile zehaztu behar dira.
- Zumaiako erdigunea eremu saturatu moduan identifikatu daiteke.
Ondorio horietatik abiatuta, hainbat neurri zehaztu dira etxebizitza turistikoak arautzeko. Honakoak dira garrantzitsuenak (xehetasunak ikusteko jo txostenera):
- Udalerriko hiri lurzoru kontsolidatu osorako erabilera turistikoko etxebizitzen baitan 250 plazako muga ezarriko da (gaur egun 44 etxebizitza turistiko agertzen dira EAEko etxebizitza turistikoen erregistroan, guztira 198 plazarekin)
- Horietatik, gehienez ere, 150 plaza izango dira erdiguneko eremu osorako erabilera turistikoko etxebizitzan.
- Eraikin erresidentzial bakoitzean (atari bakoitzean) etxebizitza turistiko bakarra baimenduko da. Gehienez 8 plaza baimenduko dira etxebizitza horretan, legeak horrela arautzen duenez. Gainera, atari bakoitzean ezingo da %30a baino gehiago hirugarren sektoreko erabilerara bideratu.
- Higiezinek etxebizitza turistikoei dagokion araudia bete beharko dute (ez araudia erresidentziala, orain artean bezala)
- 2021eko uztailaren 6a baino lehen (Erabilera turistikoko etxebizitzen lizentziak eta apustu-etxeak erabiltzeko lizentziak eteteko agindua) Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatutako etxebizitzak etxebizitza turistikoen erabilera gisa asimilatuko dira, araudi honetarako eskainitako plazak zenbatuz.
> Proposamena | Zumaiako Etxebizitza Plana: ETXEBIZITZA TURISTIKOAK
Gaur egun, Zumaiako udal araudian ez dago etxebizitza turistikoekin lotutako erregulaziorik. Beraz, orain arte ez zen inolako baldintzarik zehazten herrian horrelako erabilerak dituzten jarduerak martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren araudi orokorretik aparte. Hala, jarduera hori arautu bitartean, Zumaiako Udalak moratoria ezarri zien etxebizitza turistikoei, eta urtebetez ez du erabilera horietarako baimen gehiagorik eman. Erabakia 2021eko ekaineko ohiko osoko bilkuran hartu zuen udalbatzak, udal talde politiko guztien adostasunarekin. Paraleloki, etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena osatzeko lanketa abiatu zuen udal gobernuak, Hiritik At kooperatibaren bidelaguntzarekin.
Etxebizitzaren inguruko arazoa sakonagoa izanik, Zumaiako Udal Gobernuak etxebizitza plan oso bat garatzeko borondatea du. Etxebizitza bulegoa martxan jartzeko lanean ari da, eta horretarako, etxebizitza bulegoan arituko den teknikari bat kontratatu zuen iaz. Alokairurako laguntzak ematea, eta etxe hutsak mobilizatzeko lanketa abiatzea dira lerro nagusiak. Gainera, etorkizunean etor daitezkeen etxebizitza promozio berrietan etxebizitza behar desberdinak kontutan hartzeko lanean ari da udal gobernua.
Albiste erlazionatuak
Gazteak
Zumaia bizitzeko da
- 'Zarata', LGBTI+ kolektiboarekiko dugun ikuspegia zabaltzeko 2022/06/24
- Euskara Saileko dirulaguntzen deialdia irailean egingo da 2022/06/24
- 'Motxila laranja' soinean, lagun artean abentura bizitzeko aukera izango dute 12 eta 18 urte bitarteko zumaiarrek 2022/06/21
- Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira sanpedroak Zumaian 2022/06/20
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO)
Etxebizitza
Turismoa
- San Telmo ermita eta Kofradia bisitarientzat zabalik gaurtik aurrera 2022/06/15
- Turismo eta merkataritza teknikari laguntzaileen hautaketa prozesuko behin behineko puntuazioak eta hautaketa prozesuaren behin behineko puntuazio totalak 2022/05/18
- Turismo eta merkataritza teknikarien lan poltsa osatzeko prozesuko proba teoriko-praktikoaren behin betiko emaitzak argitaratu ditu Udalak 2022/05/09