Txakur Krosean eta Herri Lasterketan izena emateko epea zabalik dago

2020/01/22
Otsailaren 2an izango da Txakur Krosa, eta otsailaren 15ean Herri Krosa. Dagoeneko zabalik da bi probetarako izen ematea, herrikrosa.eus helbidean.

Otsailean bi lasterketa izango dira Zumaian. Otsailaren 2an, IX. Txakur Krosa egingo da. Igande goizean, 11:00etatik aurrera, 8,6 kilometroko lasterketa egongo da, Aitzuri kaletik abiatuta. Lasterketa nagusiaren ostean, haurren Alai auzunean txakurrekin ibilbide labur bat egiteko aukera edukiko dute, txakur krosaren modalitatea ezagutzeko. Bi probetan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena.

Otsailaren 15ean, larunbatean, Zumaiako XXXVI. Herri Krosa izango da. 17:00etan izango da proba nagusia eta bi ibilbide izango ditu, bata 5,6 kilometrokoa eta bestea 10,2 kilometrokoa. Izen emateak 11 eta 13 euro balio ditu, hurrenez hurren. Egunean bertan ere izen eman ahal izango da, prezio altuagoan (13 eta 15 euroan).

Hori baino lehen, 15:45ean haurren eta gaztetxoen lasterketa izango da. Aurrebenjaminek (LH1-2) eta benjaminek (LH3-4) 300 metroko lasterketa egingo dute; alebinek 1.050 metrokoa (LH5-6); infantil eta kadeteek 2.100 metroko korrikaldia egingo dute (DBH1-4). Oraingo honetan, haurrek ez dute heldu baten laguntza beharko, boluntario talde batek gidatuko baitu gazteenen lasterketa.

Proba nagusirako izen ematea irekita dago herrikrosa.eus webean. Haurren kasuan, herriko ikastetxeetan zintzilik eraman beharreko txartela jaso eta bete beharko dute aurrez.

Lasterketaren irabazleek jasotzen dituzten ohiko sariez gain, herriko hainbat ostalarik eskainita bazkari eta afariak zozkatuko dira korrikalari guztien artean.

Arautegiak eta izen-ematea (herrikrosa.eus)

Emakumeak ere lasterka

Emakumeon* Etxea elkartea lanketa berezia egiten ari da aurtengoan Lilatoian Zumaiakoa hiru talde handienetako bat izateko. Kirol Patronatuak eta Udalak bat egin dute elkartearen deialdiarekin, eta dei egiten diete emakume korrikalariei urtarrilaren 31n 19:30ean Gernika parkean egingo den entrenamenduan parte hartzera.

Probaren antolatzaileek eta Emakumeon* Etxea elkarteak bultzada berezia eman nahi diote emakumeen parte hartzeari, eta Zumaiako emakumeen presentzia handitu nahi dute herri mailako lasterketan. Zentzu horretan, Herri Lasterketan parte hartzera gonbidatu dituzte Zumaiako emakumeak, “Lilatoiaren aurretik 5 km edo 10 km korrika egiteko aukera bikaina izani”.