Udal adierazpena, Zumaian gertatutako sexu erasoa dela-eta

2021/10/20
Udalak dei egiten die zumaiar guztiei Mugimendu Feministak egindako manifestazio deialdira batzeko. Mobilizazioa 19:30ean abiatuko da Beheko plazatik.

Zumaiako Udalak erabateko gaitzespen adierazi nahi du Zumaian joan den larunbatean gertatutako sexu erasoaren aurka, eta babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasotuari eta bere ingurukoei. Udalak dituen informazio eta baliabide guztiak jarri ditu erasotua izandako emakumearen eskura. 

Beste behin ere, argi utzi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartzen. Indarkeria sexistak erasotzaile eta erasotu banakakoak ditu, noski, baina ez dira kasualitate hutsa, ez dira kasu isolatuak; emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, indarkeria sexista estrukturala da.

Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. Halaber, Udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko.

Horrenbestez, Zumaiako Udalak bat egiten du Mugimendu Feministak egindako manifestazio deialdira eta dei egiten die herritar guztiei ekitaldi horretan parte hartzera.