Abenduaren 31a baino lehen eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak

2025/12/05

Herritarrek gonbidatu dituzte eskaera egoitza elektroniko bidez egitera. Zalantzak argitzeko, jo Herritarren Arreta Zerbitzura: udaletxean 08:00etatik 14:00etara bitartean, edo 943 86 50 25 telefono zenbakira deituta.

1.pngZumaiako udalak zerga eta tasen karga arintzeko eta herritar zaurgarrienen babesa indartzeko hainbat hobari eskaintzen ditu urtero. Hobari horiek eskatzeko epea zabalik dago, abenduaren 31ra arte

Familia ugariek etxebizitzarekin lotutako Ondasun Higiezinen gaineko Zergari, eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagozkien hobariak eskatu ditzakete, baita udal zerbitzuetako tasen gainekoak ere (ikastaroak edota ludotekako kuotak daude horien barruan). Bestelako hobariak ere eska daitezke: Bizigune programari lotutakoa, energia aprobetxamendu sistemarena edo ibilgailu historikoena.

Aurtengo ordenantza fiskaletan hainbat aldaketa txertatu dira, zerga-sistema bidezkoago eta eguneratuago bat lortzeko helburuarekin. Etxebizitzaren arloari, ibilgailuen zergari eta familia ugarien hobariei lotutako eguneraketak dira nagusi. Horrenbestez, orain arteko hobari batzuk bertan behera gelditzen dira; beste batzuk, aldiz, indartu egin dira [IRAKURRI XEHETASUNAK BEHERAGO].

Ondoko dokumentu honetan ikus daiteke herritarrek eska ditzaketen hobarien zerrenda, modu labur eta errazean jasota. Edonola ere, zalantzak izatekotan, jo Herritarren Arreta Zerbitzura: udaletxean 08:00etatik 14:00etara bitartean, edo 943 86 50 25 telefono zenbakira deituta.

> Ordenantza fiskalak 2026

Nola egin eskaera?

  • Udaletxean, Herritarren Arreta Zerbitzuan (08:00-14:00)
  • Posta-bulegoetan (ziurtagiri irekiaren bidez)
  • Telematikoki, herritarren atariaren bidez Zergak eta tasak atalean

Aurkeztu beharreko dokumentuak

2022an egindako aldaketari esker, herritarrek jada ez dute orain arte aurkezten zituzten dokumentu guztiak aurkeztu beharko. Udalari baimena eman beharko diote beraien izenean dokumentazio hori kontsultatzeko (eskaera orrian horretarako dagoen atala sinatuz), edo, aurka badago, horrela adierazi beharko du eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du. Edonola ere, beharrezkoa izango da eskaera orria, eta ordenantza fiskalean zehazten diren dokumentuak aurkeztea.

Zer aldatu da 2026ko ordenantza fiskaletan?

2026ko ordenantza fiskaletan egindako aldaketek udalaren helburu nagusi batekin dute lotura: zerga-sistema bidezkoago eta eraginkorrago bat eraikitzea, herritarren behar sozialei erantzuteko eta baliabide publikoen erabilera arrazionalagoa bermatzeko. Norabide horretan kokatzen dira etxebizitzaren arloan, ibilgailuen zergan eta familia ugarien tratamenduan egindako eguneraketak.

  • Etxebizitzaren kasuan, etxebizitza hutsen errekargua %100etik %150era igo da, eta salbuespenak egokitu dira: aurrerantzean erroldatuta egotea izango da baldintza (gutxieneko kontsumoa ez da salbuespen moduan hartuko), eta jarduera ekonomikoa duten etxebizitzek —turistikoak barne— errekargua osorik ordainduko dute. Neurri horien bidez, etxebizitzen bizitegi-erabilera lehenestea bilatzen da. Aldi berean, Bizigune programan parte hartzen duten etxebizitzen hobaria %50etik %99ra igo da, programa publiko horren bidez alokairu eskuragarria sustatu eta etxebizitza hutsak martxan jartzea errazteko.
  • Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan, zenbait hobari eguneratu dira. Batetik, 30 urtetik gorako ibilgailuen hobaria ezabatuko da (ibilgailu historikoak salbuetsita), pizgarri horrek jatorriz zuen helburua —kultura-ondarearen kontserbazioa— galdu eta kasu askotan salbuespen orokortua bihurtu delako. Bestetik, ibilgailu hibrido eta elektrikoek ez dute hobaririk izango hemendik aurrera: hasierako pizgarriak zeregin garrantzitsua izan zuten teknologia hori sustatzeko, baina gaur egun merkatuan erabat zabaldua dago, eta laguntza publikoak beste bide batzuetatik bideratzen dira.
  • Azkenik, familia ugarien hobarien sistema eguneratu da tasetan zein zergetan. Orain arte haurren kopuruan oinarritzen zen egitura, eta hemendik aurrera familia ugari orokorra eta berezia bereiziko dira, egoera ekonomiko eta sozial desberdinak modu bidezkoagoan islatuz. Helburua da laguntzak benetan behar duten familiengana egoki bideratzea, eta tratamendua ahalik eta proportzionalena izatea.

Aldaketa guztiek norabide komun bat dute: udal fiskalitatea herritarren beharren eta erabilera sozialaren arabera egokitzea, gehien dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten eta baliabide publikoak komunitatearen ongizatearen alde eraginkortasunez erabil daitezen.