Udal Gobernuak 21,6 milioiko aurrekontu proposamen ‘sendo eta soziala’ aurkeztu du
Udal Gobernuak inbertsio gaitasuna bikoiztu du, eta aurrekontuak inbertsio estrategikoetan, herritarrentzat espazio berrien sorreran eta genero ikuspegiaren txertatze sistematikoan jarri du fokua. Kudeaketa ekonomiko arduratsuari esker, aurrezki garbia 875.000 eurotik 1,6 milioira igo da, eta zor publikoa %3an mantentzen da.
Udal Gobernuak 2026rako aurrekontu proposamena aurkeztu zuen atzo arratsaldean, Komentuko Frantziska Labaien aretoan, taldean. Aurrekontuek 21,6 milioi euroko zenbatekoa dute, eta Gobernuak nabarmendu du ildo estrategikoen koherentziari eusten diotela.
Aurrekontuen ikuspegia argia da: herria eraberritzea eta eguneroko bizitza erraztuko duten espazio, zerbitzu eta baliabideak sortzea, eta dauden horiek hobetzen jarraitzea. Iñaki Ostolazak nabarmendu du Zumaia bizi-bizirik dagoela eta horren isla direla herrian ikus daitezkeen obra eta makina guztiak: “bukatzear daude Itzurunbideko igogailuaren lanak, Komentuko lorategiaren atontze lanak, edota Moilaberri eta Algorri eraikinen eraberritzea, besteak beste; eta, Torreagako etxebizitzak badoaz goraka pixkanaka”.
Dena den azpimarratu du herritarren eguneroko bizitzan eragin handia duten eta izango duten proiektu asko ez direla beti aurrekontuetan bolumen handia dutenak: zaintzarekin lotutako eguneroko lanak, kultur bizitza sendoa, hezkuntza eta komunitate arloko jarduerak edo oinarrizko zerbitzuen hobekuntzak aipatu ditu, besteak beste. Ohi bezala, aurrekontuek euskara sustatzeko neurriak, tokiko merkataritzari laguntzak eta kirol klubentzako dirulaguntzak ere jasotzen dituzte, beste askoren artean.
2026ko inbertsioak: ikuspegi bateratu eta estrategikoa
Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamenak inbertsio guztiak ildo estrategiko bakarrean lerrokatu ditu: herria eraberritzea eta eguneroko bizitza erraztuko duten espazio, zerbitzu eta baliabideak sortzea. Aurrekontu-fasearen lehen zatian lehendik datozen lanak amaitzeak hartuko du pisu handiena; gerora, 2026aren erdialdean inbertsio berriei ekingo diete.
TOPALEKU IREKIAK:
Aurrekontu-proiektuak indar berezia jarri du herriari arnasa emango dioten espazio ireki eta irisgarrietan, adin-tarte guztientzako egokiak eta genero ikuspegitik seguruak izango direnak. Inbertsio nagusien artean nabarmentzen dira:
- Marianton parkea eta berrurbanizazioa: 1.060.000 euro (965.500€ 2026an). Proiektu hau aspaldi hasitako lanaren emaitza da, 2022 eta 2023 artean Haurren Kontseiluak eta Udalak elkarlanean garatutakoa. Mariantongo parkea berritzeko prozesua haurrek beraiek abiatua da, eta diseinuak haurren marrazkiak, beharrak eta proposamenak jaso ditu: jolas naturalerako eremuak, adin desberdinetako haur eta gaztetxoei zuzendutako gune bereiziak, eta 250 metro koadroko haur parke estalia barnebiltzen ditu, besteak beste. Eremua belargune osoa eta inguruko espazioa kontuan hartuta berrantolatuko da, lotura berriak sortuz eta adin guztietako herritarrentzat gune erabilgarriak eskainiz. Zuhaitz berriak landatu eta lorategiak ere berritu egingo dira.
- Erkibeko lorategiaren berritzea: 330.000 euro. Proiektu hau ere ikuspegi horretan kokatzen da, herriaren bihotzean espazio berde irisgarri, atsegin eta berritu bat sortzeko helburuarekin.
- Haur parkeak berritzea (50.000 euro): Udalak haur-parkeen inguruko hausnarketa orokorra martxan dauka, herriko parkearen egoera jasotzeko, adin-tarte ezberdinen beharrei erantzuteko eta jolasguneen hobekuntza progresiboa planifikatzeko. Diagnosi horrek erakutsi du, besteak beste, gaur egun 0–14 urte arteko gisa zehaztutako parkeek benetan ez dituztela 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoen beharrak modu egokian betetzen; halaber, zenbait haur parkek konponketak behar dituzte. Horregatik, hurrengo hilabeteetan moldaketak eta hobekuntzak egingo dira, hasiera batean 50.000 euroko partida batekin eta behar izanez gero gerakinetatik baliabide gehiago gehituz.
Udalak uste du eremu berde horiek guztiak herritarren arteko harremanak errazten dituztela, eta espazio publikoaren kalitatea hobetzen dutela. Halaber, nabarmendu dute jasangarritasunarekin ikuspegitik ere ezinbestekoak dela halako espazioak sortzea eta indartzea. Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “proiektu guztiak sen komunitarioarekin diseinatu dira, auzoak lotzeko eta herritarrentzat espazio seguru, atsegin eta irisgarriak sortzeko”.
Beste bi inbertsio handi ere nabarmendu dituzte:
- Santiagoko azpiegituretan hobekuntzak: 243.000 euro. Santiago hondartzako arrapalaren azpiko gunean bainugelak eta bestelako azpiegiturak egokituko dituzte.
-
Bonifazio Etxegarai kalearen Erribera kalearen arteko plazatxoaren ingurua berrurbanizatzea: 350.000 euro. Garajeetan filtrazioak gertatzen dira gaur egun, eta ehun asfaltikoa jarriko du. Horrekin batera, eremua berrurbanizatuko da. Lurrazpiko lanen zenbatekoa bizilagunek ordainduko dute (370.000 euro horietatik 100.000 euro).
AZPIEGITURA ESTALIAK AMAITZEN ETA SENDOTZEN:
Azpiegitura estaliei dagokienez, 2026a urte erabakigarria izango da Komentuan eta Moilaberri zein Algorri eraikinetan martxan dauden obrak amaitzeko.
- Komentuan bi jarduketa nagusi aurreikusi dira: kultur ekitaldietarako espazio propioa sendotuko duen ekipamendua (400.000 euro) eta Komentuko memoria eta identitatea uztartuko dituen proiektu museistikoa (85.000 euro).
- Moilaberri (338.236 euro 2026an; proiektu osoaren kostua 1,2 milioi eurokoa) eta Algorri eraikinen eraberritzeak ere amaituko dituzte 2026an zehar.
Halaber, kiroldegia egokitzen jarraituko da: cycling bizikletak berritu (70.000 euro) eta gimnasiorako lau makina (18.500 euro) ordezkatuko dira erabiltzaileen beharrei egokitzeko. Paraleloki, kiroldegiaren eraberritze integralerako proposamena lantzen jarraitzen du Udalak.
ETXEBIZITZA ETA GIZARTE-POLITIKAK ERDIGUNEAN:
Etxebizitza politikek ere presentzia garrantzitsua izango dute. Torreagan sei etxebizitza udal ondarean sartzeko prozesuak aurrera egingo du, eta hurrengo urteetarako finantzaketa sendotuta geratuko da. Torreagan 6 etxebizitza udal ondarean sartzea: 137.679 euro 2026an; 550.000 euro gehiago aurreikusita hurrengo urtean.
Gizarte zerbitzuen arloan, etxez etxeko laguntza zerbitzua ere indartu egingo da, zaintza duina eta kalitatezkoa bermatzeko; aurrekontuak 637.000 euro bideratuko ditu zerbitzu hori sendotzera. Halaber, alkateak nabarmendu du zaintzaren inguruko hausnarketa eta plan integral bat lantzen ari direla.
Genero ikuspegiaren garrantzia
Genero ikuspegia politika guztietan txertatzeko egindako lana ere nabarmena izan da. Bigarren urtez jarraian, Udalak aurrekontuen genero-eraginaren txostena landu du, eta helburuetan, programe tan eta diru-partidetan genero ikuspegia benetan txertatzeko urratsak identifikatu dira.
Horren erakusle diren zenbait datu azpimarratu ditu Maite Egaña berdintasun zinegotziak:
- Berdintasun saila %18 handitu da: 278.414 euro 2026an.
- Emakumeon Etxeko diru-partida handitu da*: 90.000€ → 100.000€.
- Berdintasun Plana osatzeko diru-partida berria sortu da.
- Hezkidetza Mahaiaren dinamizaziorako diru-partida berria.
Gainera, hainbat sailetan genero ikuspegia txertatzeko urrats esanguratsuak egin dira:
- Kulturan, erakusketa agendan genero-edukien presentzia %13ra igotzeko helburua.
- Kirolen arloan, “Emakumeak Mugimenduan” programa indartu da eta padel txapelketa eraldatuko da emakumeak erakartzeko.
- Gazterian, Gaztetxolako kudeaketan berdintasuna zeharkako irizpidea bihurtu da eta formakuntza sistematikoa egingo da.
- Ludotekan, materiala eta programazioa genero ikuspegitik egokitzen jarraituko da.
Ekonomikoki ‘oso sendo’ dago Zumaiako Udala
Aurtengo aurrekontua 21,6 milioi eurokoa da, iazkoarekin alderatuta 1,2 milioi handiagoa. Hazkunde hau kudeaketa ekonomiko arduratsuaren emaitza da —aurrezki garbia 875.000 eurotik 1,6 milioira igaro da, eta udalaren zor publikoa %3an mantentzen da—, eta aukera emango du datorren urtean inbertsio publikoari bultzada nabarmena emateko.
Unai Larrañaga ogasun zinegotziak nabarmendu du 2024–2025ean egindako lanak aukera eman duela aurrekontu orekatu eta sendoagoak aurkezteko: KPIaren igoerak, kontratu berritzearen ondoriozko kostu aldaketak eta gastuen doikuntzak 'txukun' kudeatu dira azken urteotan, eta horrek udalaren gaitasun ekonomikoa sendotu du. Halaber, nabarmendu du udalaz gaindiko instituzioetatik dirulaguntzak lortzeko lanketa etengabea dela Zumaiako Udalaren kasuan, eta horrek udalaren egoera ekonomikoa hobetzea dakarrela.
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
- Udal Gobernuak eta PSE-EEk adostasuna lortu dute 2026ko aurrekontuetarako 2025/11/26
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20
Ogasuna
Zumaia bizitzeko da
- Pedro Basurto zumaiarra oroitu dute Ataunen 2025/12/04
- Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu du Imanol Azkuek 2025/12/03
- Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian 2025/12/01
- Erkibeko lorategia irekitzeko lanak abenduarekin batera hasiko dira 2025/11/27



