Udal Gobernuak eta PSE-EEk adostasuna lortu dute 2026ko aurrekontuetarako
Zumaiako udalbatzak bi udal taldeon baiezkoarekin onartuko ditu 2026rako aurrekontuak, ostegun honetako osoko bilkuran. PSE-EE eta EH Bilduren arteko akordioak herritarren behar nagusiei emandako lehentasunean eta proiektu estrategikoen bultzadan du oinarria.
EH Bildu eta PSE-EEren arteko elkarrizketa eta negoziaketak emaitza emankorra izan du. Hain zuzen ere, bi udal taldeek adostasuna lortu dute 2026ko udal aurrekontuei begira. Horri esker, ostegunean osoko bilkuran eztabaidatuko den aurrekontu proiektua oinarri sendo eta partekatuekin iritsiko da. Hala jakinarazi dute Iñaki Ostolaza alkateak (EH Bildu) eta Duñike Agirrezabalagak (PSE-EE), gaur goizean udaletxean egindako agerraldian.
Bi alderdien arteko akordioak Zumaiako herritarren premia nagusiei erantzutea du oinarri; lehentasuntzat dituzte gizarte arloko politikak, irisgarritasun eta mugikortasun hobekuntzak. Gainera, gobernu taldeak nabarmendu duenez, akordio hau “elkarlanaren eta erantzukizun politikoaren adibide da”. Era berean, bi taldeek nabarmendu dute aurrekontuen negoziazio prozesua “zintzoa, gardena eta eraikitzailea” izan dela.
Udal Gobernuak astelehenean aurkeztu zuen aurrekontu proposamena jendaurrean, eta bertan aurkeztu zituen aurreikusitako inbertsioak, programak eta hurrengo urteko udal ildo estrategikoak. Proposamen horri baiezkoa emango dio PSE-EE-k ere, EH Bilduk osatzen duen udal gobernuak harekin hartutako konpromisoei erantzunez.
Hain zuzen ere, PSE-EEren eskariz Udal Gobernuak honako proiektuak egiteko konpromisoa hartu du:
- Oikia eta Zumaia lotuko dituen bidegorriaren azterlan teknikoa, herriaren inguruko mugikortasun jasangarria sendotzeko.
- Hirigintzako artxiboaren digitalizazio-proiektua, dokumentazioaren kudeaketa erraztu eta herritarren arreta hobetzeko.
- Patxita Etxezarreta ingururako azterketa: Oinezkoen, autobus erabiltzaileen eta inguru horretako zirkulazioaren antolamendua hobetzeko aukerak baloratuko dituen diagnosia. Mugikortasun Planaren barruan garatuko da.
- Oroimen ekitaldia: Udalaren memoria lanei jarraipena eman, eta frankismo garaian giza eskubide urraketan jasan zituztenei omenaldia egitea; honen barruan arreta berezia jarriko diote garai hartako udal ordezkariei zein udal langileei.
Bi aldeek azpimarratu dutenez, ekarpen horiek guztiak Zumaiako Udalak martxan dituen ildo estrategikoekin lerrokatuta daude.
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
- Udal Gobernuak 21,6 milioiko aurrekontu proposamen ‘sendo eta soziala’ aurkeztu du 2025/11/25
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20



