Zabalik dago Komentuko kapera, herriko kultura hauspotzeko areto berria

2026/11/13

Herriko musika eta dantza taldeek parte hartu zuten atzo auditorioan egindako emanaldi berezian. Datozen egunetan ere jasoko ditu jarduerak: dantza masterclass saio bat gaur, eta kontzertuak bihar. Komentua Kultur Topagunearen barruan kokatuta, kontzertuak, ikuskizunak eta askotariko kultur jarduerak hartzeko prestatutako espazioa da.

Zumaiako kultur talde eta eragileek estreinatu zuten atzo, azaroak 12, Kaperako auditorio berriko oholtza, musika eta dantza emanaldi berezia eskainita. Jon Maia eta Libe Yeregik aurkeztu zuten saioa, eta emanaldian Zumaiako Musika Eskolak, Zumaiako Musika Bandak, San Pedro Abesbatzak, Astindu Dantza Elkarteak, Txistulari Bandak, Zumai Txarangak, Zutrik Trikitilari Elkarteak eta Musika Eskolako dultzaineroek parte hartu zuten, Akaleia artistarekin batera. 

Musika eta dantza uztartu zituzten, bakarka zein elkarlanean egindako saioekin. Besteak beste, Astindu Dantza Elkarteak eta San Pedro Abesbatzak elkarrekin jardun zuten; txistulariek eta Zutrik Trikitilari Elkarteak beren piezak eskaini zituzten; eta Akaleia artistak abesti berri bat eskaini zuen jendaurrean. Amaieran, Musika Banda, banda txikia, abesbatza eta txaranga elkartu ziren hainbat pieza eskaintzeko.

Kontzertuak eta askotariko kultur jarduerak hartzeko aretoa

Kapera Komentua Kultur Topagunearen auditorioa da, eta kontzertuak eta ikuskizunak hartzeko egokituta dago. Formatu eta estilo desberdinetako musika emanaldiak ez ezik, herriko elkarteen jarduerak, formatu txikiko dantza eta arte eszenikoetako ikuskizunak, hitzaldiak, proiekzioak, performanceak, tailerrak eta mintegiak ere egin ahal izango dira bertan. 

Aretoak eserlekuen eta harmailen sistema malgua du, jarduera bakoitzaren beharretara egokitzeko. Eserita egiten diren emanaldietarako 126 lagunentzako lekua izango du, eta zutikako kontzertuetan 300 lagun inguruko edukiera. Horrez gain, musika grabazioetarako ekipamendua izango du, abesbatzen zein rock, pop edo bestelako musika estiloetako taldeen grabazioak egiteko.

Kaperaren helburuetako bat Zumaian antzemandako zuzeneko musika emanaldiak eskaintzeko espazio publikoen gabeziari erantzutea da. Horretarako, hainbat erabileratarako prestatutako aretoa izango da, herriko musikarien eta kultur eragileen jarduera hartzeko.

Komentua Kultur Topagunea, eraikin historikoari erabilera berria emateko proiektua

Kapera Komentua Kultur Topagunearen barruan kokatzen da. San Jose komentuan garatzen ari den proiektuaren helburua eraikin historikoari erabilera publiko berria ematea da, musikaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruko jarduerak eta egitasmoak biltzeko.

1609an sortu zuen komentua Francisca Labayen Hernandez de la Torrek, Torreatea izeneko eraikinean, bere jaiotetxean. Mendeetan zehar, eraikina hainbat aldiz egokitu eta berritu zen. 2008an, Karmeldar Oinutsen Komentuko ahizpak Hondarribiko monasterio berrira joan zirenean, eraikina erabilerarik gabe geratu zen eta udalaren jabetza publikora igaro zen.

2019an, Udalak komentua kultur topagune bihurtzeko erabakia hartu zuen. 2020an, Hiritik At aholkularitza enpresarekin batera, parte-hartze prozesua jarri zuen abian, Zumaiako Musika Eskolarekin eta musikaren, dantzaren eta antzerkiaren arloko eragileekin. Prozesu horren bidez, eragileen beharrak ezagutu eta eraikinaren zaharberritze eta eraldaketa proiektua landu ziren.

Obretan, eraikinaren ondarea eta mojen bizimoduaren memoria zaintzea ere izan da helburuetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Gordailurekin lankidetzan, eraikineko elementuak identifikatu eta babesteko inbentarioa egin zen, eta hainbat altzari eta artelan zaharberritu eta mantendu dira. Komentuaren historia ezagutarazteko, Komentuko Kondairak egitasmoaren bidez bisita gidatuak ere eskainiko dira laster.

Komentua Kultur Topaguneak hainbat erabilera eta zerbitzu bilduko ditu. Zumaiako Musika Eskola eta herriko kultur elkarteak dira horietako batzuk. 2025eko irailean hasi ziren lehen kideak bertan jarduten. Zumaiako Musika Banda, San Pedro Abesbatza, Txistulari Banda, Astindu Dantza Elkartea, Sapere Aude Sinfonietta eta Zutrik Trikitilari Elkartea dira proiektuaren bidelagunetako batzuk.