Aurten 53 indarkeria matxista kasu berri artatu dira Zumaian

2026/11/18

Zumaiako Udalaren zerbitzu desberdinak —Emakumeon* Etxea eta Gizarte Zerbitzuak— aintzat hartuta, guztira, 47 kasu berri artatu dira, eta aurreko urteetatik datozen 22 kasuri jarraipena eman diete. Ertzaintzak, berriz, beste bederatzi kasuren berri eman du.

2026an, 53 indarkeria matxista kasu berri zenbatu dira Zumaian, Gizarte Zerbitzuen, Emakumeon* Etxearen eta Ertzaintzaren datuak kontuan hartuta. Zerbitzu bakoitzak bere aldetik egindako zenbaketaren arabera, 56 arreta izan dira guztira; izan ere, hiru kasu zerbitzu batetik bestera bideratu dira. Udalaren Gizarte Zerbitzuek 16 kasu berri artatu dituzte, eta Emakumeon* Etxeak 31. Horiez gain, aurreko urteetatik datozen beste 22 kasuren jarraipena ere egiten ari dira bi zerbitzuak.

Aipatu datuetatik ondorio hauek nabarmendu ditu Zumaiako Udalak:

  • Indarkeria matxistak adin eta egoera desberdinetako emakumeei eragiten die, eta seme-alabak ere biktima zuzenak dira. Gizarte Zerbitzuetan adingabeak ere artatu dituzte, 14 urtetik gorako kasuak barne. Emakumeon* Etxean artatutako hiru emakumek, berriz, haurtzaroan sexu-indarkeria jasan zuten. Horrek erakusten du indarkeria matxistaren ondorioek bizitzako etapa desberdinetan dutela eragina.

  • Indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexuala dira artatutako kasuetan agertzen diren indarkeria motetako batzuk, eta maiz batera gertatzen dira. Gizarte Zerbitzuetan sei kasutan sexu-indarkeria hauteman dute; lau kasutan indarkeria psikologikoa, beste lautan indarkeria fisikoa eta psikologikoa batera, batean indarkeria psikoekonomikoa eta beste batean indarkeria fisikoa. Sexu-indarkeria kasu gehienetan erasotzailea pertsona ezezaguna izan da, baina gertuko pertsonen eskutik gertatutako kasuak ere izan dira. Emakumeon* Etxean ere indarkeria mota bat baino gehiago batera jasan duten emakumeak artatu dituzte. Indarkeria matxistako kasu horietan, erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira.

  • Salaketa jartzea ez da laguntza jasotzeko baldintza. Gizarte Zerbitzuetan 11 salaketa formal jarri dira, eta Emakumeon* Etxean bost. Azken horrek arreta psikologikoa eta juridikoa eskaintzen ditu. Laguntza juridikoaren barruan, indarkeria-egoerei lotutako gaiez gain, banaketa- eta dibortzio-prozesuetan sortzen diren zalantzak, seme-alaben inguruko hitzarmen arautzaileak eta ebazpen judizialak ere lantzen dituzte.

Zentzu horretan, Zumaiako Udalak gogorarazi nahi du Gizarte Zerbitzuen arreta jasotzeko edo Emakumeon* Etxeko laguntza psikologiko eta juridikoaz baliatzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea. Indarkeria matxista egoera bat bizi duten emakumeek laguntza eta orientazioa eska ditzakete, salaketa jarri duten ala ez kontuan hartu gabe.

Ertzaintzaren datuen arabera, gainera, bederatzi kasu berri artatu dituzte 2026an. Horietatik seitan indarkeria fisikoa hauteman dute, eta hirutan indarkeria psikologikoa. Zazpi salaketa formal jarri dira. Artatutako emakumeen adina 18 eta 65 urte artekoa da, eta erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira. Bederatzi kasuetatik hiru Gizarte Zerbitzuetara edo Emakumeon* Etxera bideratu dituzte, arreta osagarria jasotzeko. 

Zumaiako Udalak indarkeria matxistaren egiturazko izaera azpimarratu nahi du. Kasu horiek ez dira gertakari isolatuak, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritutako indarkeria-sistemaren adierazpenak baizik. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da emakumeei arreta eta laguntza eskaintzeaz gain, prebentzioan, sentsibilizazioan eta gizonen erantzukizunean ere lanean jarraitzea.