Aztarna uzten duten paseoak

2025/10/15

Udazkenak badu zerbait berezia. Zuhaitzetatik eroritako hostoek janzten dituzte kaleak, eta kolore okreek, marroiek eta gorrixkek, aldiz, paisaiak.

Askorentzat urtaro tristea izan arren, aparteko irudiak, usainak eta sentsazioak uzten dizkigu. 

Irudi eta paisaia horiek ikusteko eta sentitzeko modurik onena paseatzea da. Are gehiago Zumaian, Gipuzkoako kostaldeko leku pribilegiatu batean kokatuta baitago: itsasertzean, Urola eta Arroaerreka ibaiek bat egiten duten badian. Gainera, paseatzeko hamaika ibilbide ditugula kontuan izanda, aitzakiarik ez duzu Zumaia ezagutzeko dagoen aukerarik egokiena hautatzeko. 

Ibilbide ugarien artean, gomendatzen dizugu Zumaiako herrigunea ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea aukeratzea. Hori da, hain zuzen, Zumaian egin daitekeen ibilbiderik errazena eta lasaiena: itsasadarrean zehar, Urola ibaia itsasoratzen den tokiraino iristen dena. 

Bide hau Urola ibaiaren ertzetik doa, antzina ontzigintza-jarduerarako gune nagusia izan zen inguruetatik. Lehen zatian, Zumaiako kai zaharra, ibaiari hartutako lurrak eta estuarioa zeharkatuko ditugu, eta Zumaian Paoleko punta deitzen diogun kai-muturreraino iritsiko gara. 

Handik itzulitakoan, itsasadarraren beste aldera pasa gaitezke. Han, ontziolak, kirol portua eta padura —Zuloaga museoaren ondoan— ikusiko ditugu, eta eskoilera berriraino heltzeko aukera izango dugu. 

Ibilbide osoa joan-etorriz egin daiteke; baina udako hilabeteetan beste aukera erakargarri bat ere badago: Txomin Agirre kaia eta Santiago hondartza lotzen dituen ontzia hartzea, eta horrela zirkuitu konbinatu zoragarri bat osatzea. 

Paseo hau patxadaz egiteko gonbita da, urrats bakoitza gozatzeko aukera eskaintzen duena. Bidean, zumaiarren eguneroko bizimodua gertutik bizitzeko aukera izango duzu: arrantzaleen jarduna, ibaiaren ertzean paseatzen diren bizilagunak, merkatarien produktuak, tabernarien solasaldiak, eta airean dantzan doazen kaioak lagun. Itsasoko haize gazia eta landa aldeko belarren usain gozoa nahasten dira, zentzumenak piztuz eta lasaitasun berezi bat sortuz. 

Pasealekuetatik igarotzean, zoruko nahiz eraikinetako harrietan gordetako fosilak eta inguruko bazterretan ezkutatzen diren altxorrak deskubrituko dituzu, geologiaren eta historiaren artean bidaiatuz. Zumaiako harriek beraiek iragana kontatzen dute, denboraren aztarna finak agerian utziz. Azken finean, paseo hau ez da soilik ibilbide bat: esperientzia bat da, naturarekin, herriarekin eta norbere barneko bakearekin bat egitera gonbidatzen duena. 

Paseoa amaitzean, ibaiaren eta haizearen xuxurlak lagun, ohartuko zara Zumaian emandako urrats bakoitzak aztarna txiki baina iraunkorra uzten duela, hondarretan ez bada ere, oroimenean grabatua geratuko dena.