Ezohiko egunpasa bat Zumaian

2025/08/01

Zumaiak bisitariak hartzen ditu XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen hasieratik, Loiolako Santutegia eta Zestoako Bainuetxea probintziako helmuga turistiko bihurtu zirenetik.

Horrek esperientzia eta jakinduria eman digu bisitariek une bakoitzean zer nahi duten jakiteko. Horrela, eskaintza aldatuz joan da gizartearen, oro har, eta bisitarien, bereziki, premien eta gustuen arabera.

 

Aski ezagunak dira Zumaiako ondare geologikoa eta naturala. Asko du emateko Zumaiak zentzu horretan, eta hamaika plan desberdin prestatuak ditugu ondare eta altxor berezi horiek ezagutu eta gozatzeko. Hona hemen bost plan nabarmenenak: horiekin Zumaiako eta Geoparkeko txokoetako batzuk ezagutu ahalko dituzu, herriko hondartzez, kirol ekintzez eta itsasadarraz gozatu ahalko duzu, edota euskal kulturaren inguruko bitxikeriak deskubritu ahal izango dituzu.

 

Baina, jakin ezazu Zumaiak askoz gehiago duela emateko. Izan ere, Zumaia flyscha baino askoz gehiago da, paisaia baino askoz gehiago, bizi-kalitatea da. Bestelako planak eta aukerak ere eskaintzen dituelako: historia, erosketak, gastronomia edota artea, besteak beste.

 

Kultura baduzu gustuko, gure kaleak artez beteta dituzu, eta hamaika museo eta eraikin bisitagarri dituzu. Historiaz gehiago jakitea gustatzen bazaizu, Zumaian industriak eta itsasoak izandako pisua gertutik ezagutzeko parada duzu, aire librean gainera. Izan ere, ZIIZ elkarteak eta Zumaiako Udalak lankidetzan, industria jarduera desberdinek Zumaian izan duten garrantzia azaltzen duten panelak jarriak dituzte, honako kokaguneetan.

 

Nori ez dio apetak ematen arropa berriren bat erosteko? Dendaz denda gabiltzan bitartean, gainera, mokadutxoa eginez. Herri txiki honetako gune desberdinetan sakabanatuta daude dendak eta establezimenduak, zuri beraien produktu aukera zabala eta tratu hurbil eta pertsonalizatu bat eskaintzeko. Mokofina bazara, eta zaporez beteriko esperientzia bilatzen ari bazara, zure lekua Zumaia da. Produktuen azoka handiena aurkituko duzu herriko taberna eta jatetxeetan. Izan pintxoak, izan plater landuak, gure sukaldarien eskuekin eta bertako produktuekin egindako dastaketa bikaina egin ahalko duzu.

 

Aurreko guztia jakinda, edozein bisitari mota zarela, zure plana Zumaian aurkituko duzu. Guk gure aukera zabala azaldu dizugu, aukeraketa egitea zure lana da!