Ibilbideak herri barruan

Herritik atera gabe egiteko ibilbideak

Ibilbidearen planoa PDFan

Zumaiak oinez kilometroak egiteko paraje hobe ezinak dituenez, herritarrentzat ohitura bihurtu da aire garbia arnastuz eta konturatu gabe osasunarentzat hain mesedegarria den kirol hau egitea. Hainbat aukera eta puntuen arteko distantziak jasotzen dituen "Tipi Tapa Zumaian" esku-orria ere argitaratua du Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin lankidetzan.

Zumaia, itsasadarra eta itsasoa

Zumaiako hiribilduko lehen biztanleen jarduera nagusia nekazaritza izan zen, baina Zumaiako herriak, betidanik, industria, ontzigintza eta portu jarduera handia ere izan du. Historian zehar -hiribildua sortu zenetik, seguruenik-, eta gaur egunera arte, ontzigintza oso jarduera garrantzitsua izan da Urolaren ibaiertzean. Esate baterako, XVI. eta XVII. mendeetan, Zumaia Gipuzkoako ontzigintza gune nagusietako bat izan zen. Eta horretaz gain, duela hamarkada gutxi batzuk arte, probintziako portu garrantzitsuenetakoa ere izan zen merkantzien trafikoan, eta alde horretatik, aipamen berezia merezi dute ibaian gora kokatutako burdinolek eta fabriketan ekoitzitako burdinak eta porlanak.

Zumaian egin daitekeen ibilbiderik errazena eta lasaiena itsasadarrean zehar Urola ibaia itsasoratzen den lekuraino doan ibilbidea da. Urola ibaiaren aldamenetik haren bokaleraino doan ibilbidea antzina ontzigintza-jarduerarako gune nagusi izandakotik barrena doa. Lehen zatian, Zumaiako kai zaharreko guneak, Urola ibaiari hartutako lurrak eta ibaiaren estuarioa zeharkatuko ditugu, eta kai-mutur edo dike berriraino helduko gara. Lehen zati hori amaitu eta gero, itsasadarraren beste aldera joan eta ontziolak, kirol portua, lehengo paduratik geratzen den zatia -Zuloaga museoaren eta lehengo barraren ondoan- ikusiko dugu eta eskoilera berriraino iritsiko gara. Ibilbide osoa egin dezakegu, joan eta etorri, alegia; baina udan beste aukera bat ere badago: Txomin Agirre kaia eta Santiago hondartza lotzen dituen ontzia hartu eta zirkuitu konbinatu zoragarria egitea. 

Luzera: 6,8 km. (Download KML)

Beste ibilbide batzuk 

Herri-bideak Zumaian

Historian zehar Zumaia inguruetako beste herriekin lotu duten oinezko bideak berreskuratu eta seinaleztatu ditu Zumaiako Udalak.

Jarraian duzun mapa honetan bide horien inbentarioa egiten da eta jarraitu beharreko seinale motaren adibide bat ere ikusiko duzu bertan.

Beste kolore batean bide horiek beste udalerri batzuen lurretan duten jarraipena ere ikus daiteke, ibilbide luzeagoak egin ahal izateko.

Jaitsi hemen pdf dokumentua.

Jaitsi hemen zerrenda.

ZUMAIA-HERRI BIDEAK_2022_page-0001.jpgZUMAIA-HERRI BIDEAK_2022_page-0002.jpg

Zerrenda HB.png