Ibaiertzeko basoa
Ibai, erreka eta errekastoen ondoko baso tipikoa da, eta ibar-basoa edo erriberako basoa ere esaten zaio. Sarritan, uholdeek hartzen dute erribera hori, eta urteko sasoi askotan lur azpiko ura azaletik gertu-gertu dago. Bailara oso estua denean, baso mota honek zuhaitz ilara gutxi batzuk baino ez ditu. Eta ibaiak zabalguneak baldin baditu, lur horiek nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabili dira. Hori dela eta, ibaiertzeko baso gutxi dago Zumaian.
Ibaiertzeko basoak itzala ematen du eta horrek uraren tenperatura fresko mantentzen laguntzen du. Gainera, oso mehatxatutako animalia batzuen babeslekua da, eta inguru horietan bizi dira, esaterako anfibioak, burruntziak edo europar bisoia.