Zumaia, nagusiekin eta nagusiontzat

2024/05/13

Erorikoak saihesteko tailerrarekin hasi dute Zumaiako adinekoei zuzendutako programazioa. Maiatzaren 17an izango da hurrengo ekitaldia: zinemara joango dira, 'Los chicos del coro' ikustera. Hurrengo asteotan, askotariko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute Zumaiako nagusiek.

Bizitza etapa guztietan bete-betean gozatzeko izanik, Zumaiako nagusiei zuzendutako egitarau oparoa prestatu dute berriro Zumaiako Udalak eta Nagusien Mahaiak, beste eragile batzuekin batera. Hitzaldiak, tailerrak eta jokoak prestatu dituzte, besteak beste, eta 90 urte bete(ko) dituzten zumaiarrei omenaldia ere egingo dute. Eskuorri batean bildu dute programazio guztia, eta etxe guztietara igorri dute. 

> Deskargatu eskuorria hemen

Maiatza eta ekainerako egitaraua aurkezteaz gain, urte osoko programen berri eman dute. Hala nola, asteazkenero ordubeteko ibilaldia egiteko biltzen dira herriko zenbait adineko, Tipi tapa programaren baitan. Bestelako programak ere abian daude: memoria lantzeko tailerra -irailean abiatuko da berriro-, edota Itsasargia zerbitzua. Gainera, KZGunean doako informatika ikastaroak daudela gogorarazi dute. Horrez gain, Zumaiako Udaleko ordezkari eta teknikariek gogorarazi nahi dute Udal Gizarte Zerbitzuetan adinekoei edo familiei informazioa eman, balorazioa egin eta baliabide eta prestazio egokietara bideratzeko aholkularitza eskaintzen dutela.

2012. urtean sortu zen Nagusien Mahaia, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean. Adinekoen beharrak identifikatu eta horiek erantzutea du helburu espazio honek. Nagusiekin eta nagusien alde lan egiten duen Udaleko eta herriko baliabideetako ordezkari, boluntario eta senideek osatzen dute taldea, eta edozein herritar eta eragileri zabalik dago. Herri mailan, nagusien inguruan landu daitezkeen gaiak aztertu, baloratu, proposatu eta bideratzen dituzte bertan, proiektu eta programak elkarrekin bultzatuz.

Egun, Beheko plaza elkarteak, Nagusilanek, Pentsiodunen Plataformak, adinekoentzat lan egiten duten entitateek, Otezuri egoitzan, San Juan egoitzan, Osakidetzak eta Zumaiako Osasun Zentroak, zaintzaileek eta familiartekoek, udal sail desberdinetako teknikariek, eta udal ordezkariek hartzen dute parte bertan.

Hitzaldiak ere bai

Hiru formazio jardunaldi egingo dituzte hurrengo asteotan:

  • Maiatzaren 21an Kontsumobide elkarteak eskubideak ezagutu eta horiek baliatzeko tresnak erakutsiko dituzte.
  • Maiatzaren 22an eta 23an zaintza eta etikaz arituko dira; Eneritz Acedo Gizarte Langileak zaintzaren arloan balio etikoak aplikatzearen garrantzia nabarmenduko du hitzaldi honetan.
  • Ekainaren 2an 50 urte bete ondoren elikatzea hitzaldia eskainiko du Kontsumobidek. Eguneroko dieta modu osasungarrian antolatzeko gakoak emango dituzte.

Mahai joko, toka eta igela txapelketa

Zumaiako nagusiek jokorako aukera ere izango dute. Maiatzaren 24tik 30era bitartean mahai joko, toka eta igela txapelketa egingo dute Hogarrean, egunero 17:00etatik aurrera. Txapelketa amaituta, maiatzaren 31n (ostirala) sari banaketa egingo dute 18:30ean; jarraian, jokalari guztiek askaria egingo dute. 

Jokorako bestelako aukerarik ere izango dute, izan ere, maiatzaren 28an (asteartea) belaunaldiarteko jokoak egingo dituzte Ludotekako haurrekin batera. Saioa 17:00etan izango da, Torreberrin.

Omenaldia 90 urtekoei

Ohi bezala, aurtengoan ere omenaldia egingo diete 90 urte bete(ko) dituzten zumaiarrei. Maiatzaren 26a (igandea) aukeratu dute horretarako. 11:30ean meza izango da Parrokian, Beheko Plaza Abesbatzak lagunduta. Omenaldia 12:30ean egingo dute, Hogarrean. Nagusien Mahaiko, Beheko Plaza elkarteko eta Udaleko ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian.