2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako udaleku eskaintza zabala udarako
Ohi bezala, 2 urteko haurren udazaintza zerbitzua, udaleku irekiak eta Musi-K udalekuak izango dira aurtengo udan Zumaian. LH4 eta DBH2 bitarteko haur eta nerabeek kirol udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Azken urteotan egin bezala, 2 urteko haurren udazaintza zerbitzua, HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak, eta HH4 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako Musi-K udalekuak antolatu ditu Zumaiako Udalak 2025eko udarako. Horrez gain, LH4 eta DBH2 bitarteko haur eta nerabeek kirol udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute. Azken adin tarte horretakoek udako kirol ikastaroetan ere parte hartu ahal izango dute; ikastaro horien ingurukoak aurrerago argitaratuko dira.
Udalekuei buruzko informazio guztia (eskuorria)
Udazaintza zerbitzua: 2 urteko haurrentzat (HH2)
2 urteko haurrei zuzendutako zaintza zerbitzua da honakoa, jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.
- Izen ematea: martxoaren 3tik apirilaren 14ra, eskoletan
- Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra
Udaleku irekiak: 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat (HH3-LH6)
Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzen da, jolasa, elkarbizitza eta euskara ardatz hartuta. HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.
- Izen ematea: martxoaren 3tik apirilaren 14ra, eskoletan
- Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra
Musi-K udalekuak: 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat (HH4-LH6)
Musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. HH4 eta LH6 maila arteko haur eta nerabeei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.
- Izen ematea: maiatzaren 5etik 23ra, Alondegian (alondegia@zumaia.eus, 943 861 056)
- Txanda: Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira udalekuak (uztailaren 14tik 24ra).
Kirol udalekuak: 10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat (LH4-DBH2)
Kirol jarduera oinarri hartuta haur eta nerabeen aisialdia modu aktiboan eta entretenigarrian landuko dute udaleku hauetan. Goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.
- Izen ematea: martxoaren 31tik apirilaren 14ra
- Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda ekainaren 30etik uztailaren 11ra; bigarren txanda, uztailaren 14tik 24ra.
Kirol udalekuez gain, haur eta nerabeek udako kirol ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute, igeriketan, surfean zein bodyboardean.
Albiste erlazionatuak
Haurrak
Herri hezitzailea
Zumaia bizitzeko da
- 1.000 erosketa bono jaulkiko dituzte Udalak eta Gertu elkarteak, udaberriko ErrotaHerria kanpainaren barruan 2025/03/31
- Kiroldegiko energia kontsumoaren ia herena eguzki-plaken bidez hornituko da 2025/03/31
- Zumaiako 'Appa Hi!' aurkeztu dute, hitanoa praktikatzeko eta ikasteko mugikorretarako aplikazioa 2025/03/20