Battelekuen estropadak antolatzen dituen Ur Ikara elkarteak oroigarria eman dio Udalari, "urteotan guztiotan Zumaiak emandako babesa eskertzeko"
Ur Ikara elkarteko kideak Zumaian izan dira gaur goizean. Teink Trofeoa antolatzen dute urtero, euskal kostalde osoa zeharkatzen duen estropada torneoa. Battelekuak erabiltzen dituzte estropada horietan, 90. hamarkada hasieran desagertzear zeuden iparraldeko ontziak.
1993an sortu zen Ur ikara elkartea, eta battelekuak berpizteko helburuarekin, Teink Trofeoa antolatu zuten. Hego eta Ipar Euskal Herriko kostak batzen dituen txapelketa da, ontzi mota horietan portuz portu euskal kosta igaroz egiten dena. Battelekuak Iparraldean erabiltzen diren batelak dira: hiru lagun eraman ditzakete, bi estriborrean arraunean eta bat, lemazaina, baborrean. Nahi izanez gero, bela bat ere eraman dezake.
Ekimenaren antolatzaileek azaltzen dutenez, 1990. urtearen amaieran, oso batteleku gutxi geratzen ziren Euskal Herrian, eta desagertzear zeuden. Egoera aldatzeko, lau lagunek euskal kosta battelekuetan zeharkatzea erabaki zuten. Hala, 1992ko udan, Donibane Lohizunetik Bilbora Teink batelikuan joan ziren. Hurrengo urtean antolatu zuten batteliku haren izena izango zuen trofeoa. Urte guztiotan battelekua betikotzea eta garatzea lortu dutela azpimarratu dute. Gainera, adin desberdinetako kideak elkartu dituzte estropadetan, eta gizon zein emakume ugarik parte hartzen dute ekimenean.
30 urte aurten
Lagun artean hasi zen ekimenak 30. urteurrena bete du aurten, eta berezia izaten ari da trofeoa, 1993tik hona ongi etorria eman dieten Euskal Herriko portu guztietatik igarotzen ari baitira. Uztailaren 29an abiatu zuten ekimena, Bilbon (Bizkaia). Plentzia, Bermeo, Gernika eta Lekeitio bisitatu ondotik iritsi dira Zumaiara. Eguraldiaren aurreikuspenak tarteko bertan behera utzi behar izan dituzte Mutriku eta Pasaia bi egunetan lotu behar zituzten etapak, baina geldialdia egin nahi izan dute Zumaian, herriak emandako babesa eskertzeko. Teink trofeoan hainbat zumaiarrek hartu dute parte aurreko urteetan, eta txapelketaren antolatzaileek harreman estua dute horietako askorekin eta Zumaiarekin. Hori horrela, Christophe Idiartegaray Ur Ikara elkarteko lehendakariak eta Rafa Zulaika Teink Trofeoko partaideak elkartearen eta trofeoaren oroigarriak eman dizkiete Zumaiako udal ordezkariei.
Hurrengo etapa Pasaian abiatuko dute larunbatean (abuztuaren 5ean), eta Donibane Lohitzunen amaituko dute aurtengo estropada-torneo berezi hau, egun berean.
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zabalik dago Zumaiako Udalaren kirol instalazioetako zerbitzuak kontratatzeko lizitazio prozesua 2024/11/12
- Zumaiako Udalak, Zumaiako Kirol Elkarteak eta Innpala enpresak elkarlanean, pala jaialdia antolatu dute larunbat honetarako 2024/11/07
- Etiketa berdearen balioak soinean, 650 korrikalari eta boluntario mordoa ariko dira 15. Flysch Trail lasterketan 2024/10/01
- Larunbateko arraunlari beteranoen estropada dela-eta kontutan hartu beharrekoak 2024/07/18
Kultura
- [BIDEOA] 20 sortzailetik gora aritu dira Migel Gutierrezen 'basoa.wav' proiektuan 2024/11/11
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- Udazkena bero dator Aita Mari antzokira 2024/09/20