372.901 euro lortu ditu Zumaiako Udalak, kiroldegia berritzeko prozesuaren zati bat finantzatu eta bestelako hobekuntza lanak egiteko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza da, guztira 372.901 eurokoa. Kiroldegia berritzeko proiektuen idazketak, eta futbol zelaian egin beharreko hobekuntzak barnebiltzen ditu laguntzak, eta 2023-2025 bitartean egin beharreko lanen zati bat ordaintzeko balioko du.
Kiroldegia osorik berritu, eta lau kaleko bigarren igerileku bat egiteko aurre proiektua prest du Udalak 2022tik. Oposizoko alderdiekin eta kirol klubekin proposamena landu eta gero, dirulaguntzak eskatzeko prozesuari ekin zion. Egindako lanak emaitzak ekarri ditu gaurkoan, eta Zumaiako Udalak 372.901 euro izango ditu berrikuntza prozesu horren zati bat ordaintzeko.
Lortutako dirulaguntza bitan zatituta dago. Batetik, kiroldegia berritzeko prozesua finantzatzeko balioko du. 349.615 euro jaso ditu horretarako. 2023an egin den pistaren berrikuntza, eta 2024-2025 bitartean egingo diren kiroldegiaren berrikuntza proiektuaren idazketa, eta obraren zuzendaritzaren idazketa finantzatzen laguntzeko balioko du.
Bestetik, futbol zelaian hobekuntzak egiteko 23.286 euro jaso ditu Udalak. 2023an zehar egingo den argiteriaren aldaketa, eta 2024an egingo diren bestelako hobekuntza lanak egiteko balioko du kopuruak.
Aitor Manterola Garate kirol zinegotziaren esanetan, berri pozgarria da gaur jasotakoa, eta kiroldegia berritzeko prozesuari "indar gehiagoz heltzeko aukera" emango du. Iñaki Ostolaza Esnal alkatearen esanetan, Udalarentzat ahalegin ekonomiko handia izango duen proiektua izango da honakoa, eta, horregatik, nabarmendu du, "alderdi guztiekin eta herritarrekin batera garatu beharko da proiektua".
> Irakurri ebazpena
Albiste erlazionatuak
Kirolak
- Zumaiako Udalak futbol-zelaira sartzeko bide egokiak erabiltzea eskatzen du 2024/07/01
- Uztailaren 12an amaituko da datorren ikasturteko haurren igeriketa ikastaroetan izena emateko epea 2024/06/28
- Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da Udala 2024/06/06
- Zumaia inguruko trafikoan aldaketak izango dira larunbatean, Zarauzko Triatloia dela-eta 2024/06/04